Nerea Gorriti, aktorea: “Euskaraz egiten den produktu batek horrelako arrakasta izatea ohorea da”

Nerea Gorriti, aktorea: “Euskaraz egiten den produktu batek horrelako arrakasta izatea ohorea da”
2018/01/12 10:22
eta kitto!
Gazteen (eta ez hain gazteen) artean arrakasta handia dauka ‘Go!azen’ musikalak, eta eszenatoki gainera egin du jauzia orain ETB 1-eko telesailak. Bihar 15:00etan eta 17:00etan eskainiko dute ikuskizuna Coliseoan eta aurpegi ezagun bat ikusi ahal izango dugu aktoreen artean, izan ere, Nerea Gorritik Erikaren papera egiten du telesailean. ‘Goenkale’ eta ‘Aitaren Etxean’ aritu da aurretik aktore eibartarra, eta 2018ko Poltsiko Antzerki Sorkuntzaren lehen saria jaso duen ‘Zaharrak berri’ antzerkia estreinatuko du Donostian otsailean.

 

-Erikaren papera egiten duzu ‘Go!azen’-en. Zer moduz irakasle zorrotzaren azalean?

Erika eta ni oso pertsona ezberdinak gara, ez daukagu inongo antzekorik, eta horrelako erronkak hartzea beti da dibertigarria. Telesailean oso eszena komikoak sortzen dira Erikaren inguruan eta pozik nago, dibertigarria delako. Telesailak duen giro on eta alaiari kontrapuntua jartzen dio Erikak.

-Nola bizi duzu ’Go!azen’ fenomenoa?

Poz handiz. Euskaraz egiten den produktu batek horrelako arrakasta edukitzea ohorea da. Jendeak telesaila hainbeste ikustea eta jarraitzeak poz handia sortzen digu.

-Kalean ere nabari izan duzu arrakasta hori?

Bai! Ez nuen espero, lehen aldia da horrelako zerbait gertatzen zaidana. Jendea hurbiltzen da eta argazkiak eskatzen dizkigute. ‘Goenkalen’ aritutakoa naiz, baina gauza ezberdina da. Umeek daukaten naturaltasuna berezia da. Polita da eta gustura eramaten dut.

-‘Go!azen’ musikala da. Zure pertsonaiak ere abesten du?

Bai, pare bat alditan aritu da Erika abesten. Ni neu abeslaria naiz baita ere. Madrilen ‘Racoons’ musika-taldean ari naiz eta rockabilly antzeko bat egiten dugu. Zentzu horretan, antzezpena eta abestea bateratzea oso polita izan da.

-‘Racoons’ taldearen jarduna uztartzen duzu aktore lanarekin?

Hainbat kontzertu eman ditugu eta orain konposaketa lanetan gabiltza. Pozik nago proiektu honekin, abestea asko gustatzen zaidalako eta kontzertuak ematen asko gozatzen dudalako. Oso ezberdina da antzeztea eta abestea. Antzezten duzunean beste pertsona baten azalean jartzen zara, baina abestean zu zeu zara.

-Beti eduki duzu artista sena?

Txikitatik! Eskolan egiten genituen antzerkiak antolatzea asko gustatzen zitzaidan. Hori zen ikasturteko gauzarik onena!

-Bada, artista moduan egin duzu ibilbide profesionala. Zaila da mundu hori?

Oso karrera geldoa da. Zorte handia daukat etxean asko lagundu didatelako eta beti animatzen daudelako, baina zaila da.

-Kanpora joan behar izan zinen ikastera...

Lehenengo Donostian ikasi nuen pare bat urtez eta horretan aritu nahi nuela ikusi nuenean, Madrilera joatea erabaki nuen, han aukera eta eskola gehiago daudelako. Lau urteko karrera ikasi nuen, masterra egin eta New Yorkera joan nintzen. Aktorea izateko talentua edukitzea garrantzitsua da, baina baita prestakuntza ere. Ikastea garrantzitsua da eta horrek segurtasuna ematen dizu.

-Madrilen aukera asko dago, baina konpetentzia handiagoa izango da, ezta?

Zaila da burua sartzea, aktore asko dagoelako.

-Azkenean, Euskal Herrian lan egiten amaitu duzu.

Ez nuen espero. Euskal aktoreentzat zortea da euskarazko telebista kate bat eta euskarazko produktuak sortzen dituzten ekoizle-etxeak edukitzea. Beste aukera batzuk ematen dizkigu. Azken aldian euskarazko film gehiago egiten ari dira, kalitate handikoak, eta loraldia ematen ari da zentzu horretan.

-Bihar Coliseoan izango zaitugu. Zer moduz sentitzen zara zita horren aurrean?

Demaseko ilusioa ematen dit! Eibarren antzezten dudan lehen aldia izango da. Familia, lagunak eta ezagunak egongo dira, eta oso pozgarria da.