Thiago Almeida, dantzaria: “Gizartearen eta gizakien hipokresia islatzen saiatzen gara dantzaren bitartez”

Thiago Almeida, dantzaria: “Gizartearen eta gizakien hipokresia islatzen saiatzen gara dantzaren bitartez”
ETA KITTO 2019, Ira 24

Toki batetik bestera dantzan egiten du Thiago Almeidak. Ertza dantza-konpainiaren ‘Meeting point’ eta ‘La teta de Janet’ ikuskizunek izan duten arrakasta handiarekin agenda betea du, baina pasioz egiten du dantzarekin zerikusia duen oro. ‘Meeting point’ lanarekin Hego Koreara joan aurretik Coliseoan egongo da ‘La teta de Janet’ aurkezteko hilaren 27an, barixakua, 20:30ean.

 

– ‘La teta de Janet’ aurkeztuko duzue Coliseoan. Nolako ikuskizuna izango da?

Normaltasunaren inguruan hausnartzen du ikuskizunak. Zer da normala? Nork erabakitzen du zer den normala? Munduko toki batean normala dena, beste batean gaizki ikusia edo debekatuta egon daiteke. Gizartearen eta gizakien hipokresia islatzen saiatzen gara dantzaren bitartez.

– Zein da zure rola ikuskizunean?

Hainbat gauza egiten ditut. Libre eta garen modukoak bezala onartua izan nahi duen barreneko gauza hori erakutsi nahi dugu, moralarekin etengabeko borrokan dagoen alde hori. Generorik ez duen pertsonarena egiten dut batez ere. Egun batean emakumeek bezala eta bestean gizonezkoen moduan jantzi nahi duen pertsonarena, gizarteak esan ahal duenari jaramon egin barik.

– Gizonezko dantzari onenaren saria jasotzeko izendatu zizuten azken Max Sarietan. Nola hartu zenuen berria?

Zoragarria da, baina dantza egiteko orduan nire burua epaitzeko arazoak izan ditut beti, nire burua ez dudalako hain maila profesionalean ikusten. Ez dut uste gaizki egiten dudanik, baina beste dantzari batzuk ikusten ditut eta ibilbide luzeagoa eta profesionaltasun gehiago dutela iruditzen zait. Izendapena jaso nuenean poztu egin nintzen, baina hain ibilbide luze eta profesionala duten dantzarien alboan egonik banekien ez nuela ezer gehiago lortuko. Hala ere, pausu bat da eta etorkizunean urrunago iritsi naiteke.

– ‘La teta de Janet’ eta ‘Meeting point’ ikuskizunek arrakasta handia lortu dute. Nola kudeatzen duzue hori?

‘Meeting point’-ekin Max Saria jaso genuenetik lan gehiago izan dugu eta gure lanak onespen gehiago jaso du, baina publikoari ikuskizuna gustatzea da gehien asetzen gaituena, baita arrakasta gutxi izan duten lanekin ere. Max Saria ondo gelditzen da curriculumean, jaso genuenean asko gozatu genuen eta motibagarria da, baina hor geratu zen eta ez daramagu soinean. Badakigu ‘Meeting point’-ekin publikoa emozionatu egingo dela, baina ‘La teta de Janet’ asko ere gutxiagotan egin dugu eta fresko mantentzen da. Gehiago estutzen digun ikuskizuna da eta horrelako zerbait egiteko gogoa nuen, lurrean lehertuta eta izerdi-patsetan amaitzea.

– Henrique de Souzarekin egiten dituzu ikuskizun biak. Nola moldatzen zarete elkarrekin?

Urte asko daramatzat berarekin dantza egiten eta aldaketa nabaritu diot dantzari moduan. Orain askoz ere hobeto moldatzen gara elkarrekin eta igartzen da, ikuskizun errealagoa egiten dugulako.

– Dantzan hasi zinenean guzti hau biziko zenuela irudikatzen zenuen?

Ezta gutxiago ere. Kasualitatez hasi nintzen dantzan 18 urterekin. Lagun batek esan zidan ‘Fama’ saioko neska batek dantza-akademia bat zabaldu zuela Donostian eta laguntzeko. Berarekin joan nintzen, handik bi hilabetera lagunak utzi egin zuen eta nik jarraitu egin nuen. Hasieran ez zitzaidan hainbeste gustatu, baina popping delako dantza-estiloa ezagutu nuen eta atentzioa deitu zidan. Hortik abiatu nintzen, baina sekula ez nuke pentsatuko Max sari bat jasoko nuenik, arrakasta handiko ikuskizunak egingo nituenik, ez ezer.

– Orain klaseak emango dituzu Nerea Lodosa Dantza Konpainian. Nolakoak izango dira?

Klase teknikoak izango dira. Koreografiak egingo ditugu, baina teknika lantzea gustatzen zait dantzariei erraminta baliagarriak eskaintzeko. Teknika ikasita, dantzariek euren kabuz garatu ditzakete euren dohainak. Gogotsu nago, 2-3 urte daramatzadalako klaseak eman gabe, buru-belarri ibili naizelako ikuskizunekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »