Tor eta Astarot taldeen kontzertuak egingo dira asteburuan Galizia Eibarren folk jaialdiaren baitan

Tor eta Astarot taldeen kontzertuak egingo dira asteburuan Galizia Eibarren folk jaialdiaren baitan
2021/10/19 09:51
eta kitto!
Atzo goizean aurkeztu zuten Galizia Eibarren, As Burgas Eibarko Galiziako Etxeak eta Udalak antolatuta, asteburu honetan egingo den folk musika jaialdia. Osasun egoerak hobera egin duela eta, kultur jarduera gehiago antolatzen hasi dira eta, hori ikusita, Galiziako Etxekoak ere animatu direla azaldu zuen Juan Jose Flores bertako presidenteak. Jon Iraola alkatearen berbetan, “Galiziako kulturaren zati bat hemen erakusteko aukera emango du jaialdiak. Bestalde, galiziar asko bizi dira hemen eta beraien lanarekin gure herriaren garapen sozioekonomikoari lagundu diote. Beraz, eskerrak emateko modu bat ere bada”.

Lehen kontzertua barixakuan, urriaren 22an izango da, 20:00etan Coliseoan: Tor eta gonbidatuek “Folk Céltico da Galiza” CD berriaren aurkezpena egingo dute. Gainera, kontzertuan Os Galaicos, As Burgas Galiziako Etxearen dantza taldekoek hartuko dute parte. Sarrerak 5 eurotan daude salgai Kutxabank-en eta Coliseoko leihatilan.



Eta zapatuan, 20:00etan, Astarot heavy-folk taldeak emango du kontzertua Errebal Plazia eraikinean. Ikuskizun hau doakoa izango da, baina gonbidapenak eskatu beharko dira aurretik, Kutxabank-en edo Coliseoko leihatilan.