Zabalik da Liburu Azoka

0    Kultura 
Ekhi
Zabalik da Liburu Azoka
2018, Urr 11

Gaur goizean zabaldu ditu ateak hilaren 21era arte egongo den Liburu Azokak. Irakurketa sustatzea da antolatzaileen helburua eta euskarazko eta gaztelaniazko liburuak %10eko deskontuarekin salduko dira Untzagan biltzen diren hamasei postuetan. Liburu Azoka 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik lanegunetan eta 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:30era asteburuetan.

Gainera, datorren asteko zapatuan Miren Palacio, Javier Sagastiberri, Anton Arriola Jose Javier Abasolo idazleak liburuak sinatzen egongo dira 19:00etatik aurrera, eta erakusketa berezia egongo da ‘100 urte euskara zaintzen’ izenbururarekin Euskaltzaindiak egindako lana goraipatzeko.

Eibar “plaza oso ona” dela adierazi du gaurko aurkezpenean Euskadiko Liburu Ganbarako Asier Muniategik, “betikotasuna mantendu eta gaurkotasuna hartzen duelako, Eibarrek beti jakin du sasoi berrietara egokitzen”. Eleberriez gain, jendeak gehien eskatzen dituen liburuak onddoei buruzkoak, historikoak eta Udalak Eibarri buruz dituenak direla aipatu du Muniategik. “Irakurtzea da garrantzitsuena eta, gainera, oso liburutegi onak ditugu eta mailegu aukera oso ona da”.

Eva Alberdi Juan San Martin Liburutegiko arduradunak adierazi duenez, liburutegiek irakurzaletasuna sustatzeko erronka daukate, “teknologiek irakurketari tokia jan baino lehen”, eta aurten hamar irakurketa talde osatu dituzte, helduentzako bi eta haurrentzako zortzi. Gainera, urriaren 24an, Liburutegien Eguna dela-eta, ate-irekien jardunaldia egingo da eta hainbat bisita antolatuko dira (10:00, 12:00, 17:00 eta 19:00etan) liburutegia ezagutzeko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »