Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko Greba Orokorra deitu dute eguenerako

Lan, pentsio eta bizitza duinen aldeko Greba Orokorra deitu dute eguenerako
2020/01/27 eta kitto!
Datorren eguenerako, urtarrilaren 30erako greba orokorra deitu du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta 100 kolektibotik gora biltzen dituen plataformak. Grebaren jarraipena ahalik eta zabalena izatea lortzeko asmoz, herrietan greba komiteak sortu dira eta zapatuan Eibarren talde argazkia egin zuten, herritar guztiak grebarekin bat egitera animatzeko asmoz. Greba egunerako hainbat ardatz planteatu dituzte: langileen kasuan, 24 orduko lanuzteak; ikasleak klasera ez joatea; martxoaren 8ko greba feministan moduan, zaintza greba egitea planteatzen da; eta, horrekin batera, kontsumo greba egitea, hau da, egun horretan ezer ez kontsumitzea.

Greba Orokorra Eibarren!


05:30: Pikete informatiboa. Azitaingo industrialdean.

09:00: Greba gunearen irekiera. Untzagan.

12:30: Manifestazioa. Untzagatik.

14:30: Bazkaria. Bakoitzak berea ekar dezala.

16:30: Pikete informatiboa. Untzagatik.

18:00: Manifestazioa.

Greba egunerako egun batzuk baino falta ez direnean, orain arteko parte-hartzea eta jasotako atxikimendu kopurua “handia eta anitza” izaten ari dela adierazi dute greba erregistratu zuten ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek. Urtarrilaren 30eko grebarako 170 batzorde sortu direla jakinarazi dute, “beste greba deialdietan baino gehiago”, eta 1.200 enpresak baino gehiagok eman diote atxikimendua. Azpimarratu dutenez, arlo izaera anitzetako enpresek adierazi dute babesa, arlo publiko zein pribatukoak: hezkuntza, garraio eta bestelako sektoretakoak, zein sektore feminizatuak. Tartean dira CAF, Bidelan, Azkoyen edo Bilboko Metroa, besteak beste.

Espainiako gobernua osatu berri den honetan grebarako “arrazoi gehiago” dagoela uste dute, gainera. ELAk puntuz puntu aztertu du PSOE eta Unidas Podemosek estatu espainoleko Gobernuaren legegintzaldi berrirako sinatu duten akordioa eta, sindikatuaren ustez “urria” da sinatutakoa, batez ere urtarrilaren 30ean Euskal Herrian iragarrita dagoen greba orokorrak jasotzen dituen aldarrikapenen aldean. Akordioak Rajoyren Gobernuak onartutako Aurrekontuen Egonkortasunerako Legearen onarpena jasotzea salatu dute, besteak beste, lege horrek gastu publikoa handitzea galarazten duela gogoraraziz. Pentsioei dagokionez, berriz, grebako aldarrikapen taulan “jasotakoa ez duela urrundik ere betetzen” diote. Bestalde, akordioak KPI errealaren arabera pentsioak igotzea jasotzen duen arren, iaz alderdi biek gauza bera adostu zutela eta azkenean ez zutela bete nabarmendu dute. Gutxiengo pentsioei dagokienez aipamen berezirik ez dela egiten kexatu dira, hauek “hobetuko” dituztela besterik ez dela esaten. Iraunkortasun faktorea kenduko dutelaren promesa ere zalantzan ipintzen dute. Enpleguaren eskubideei dagokionez, Zapatero Gobernuak aplikatutako lan erreforma ez dela ukitzen azaldu dute. Hala ere, positiboki baloratu dute “premiazkoak” ikusten dituzten hiru puntu indargabetzea: gaixoaldi bajek eragindako absentismoagatik kaleratzeko aukera, lan hitzarmenaren denbora-eremuari ezarritako mugak eta enpresa-hitzarmenek sektore-hitzarmenekiko duten aplikazio-lehentasuna. Baina, hala ere, gutxieneko soldataren inguruan, PSOEk eta Unidas Podemosek lehenago osatu zuten akordioarekiko gobernu honek atzerapausoa eman duela uste dute.