Mikel Oyarzabal: “Zelai barruan, kanpoan zein kalean oso baloratua eta maitatua sentitzen naiz”

Mikel Oyarzabal: “Zelai barruan, kanpoan zein kalean oso baloratua eta maitatua sentitzen naiz”
2021/04/15 21:32
eta kitto!
Apirilaren 3an jokatutako Real-Athletic finalean Reala gailendu zen, Espainiako Kopa hirugarrenez irabazita. Mikel Oyarzabal Realeko jokalari eibartarrak sartutako penaltia izan zen, besteak beste, lortutako emaitzaren erakusgarri. Jokalariak herriko astekariari elkarrizketa eskaini nahi izan dio bere bizipenak herritarrekin partekatze aldera.

Zer geratzen zaizu Kopako finaletik? Zelako esperientzia izan da? Behar den bezalako ospakizunen zain?

Orain bi aste pasatuta atzean geratzen zait dagoeneko partida. Ez genuen denbora askorik izan behar bezala ospatzeko, hiru egunen buruan beste partida bat geneukan eta. Oso sentsazio handia eta zoriontsua bizi izan nuen finala irabazi ostean; jakitea zuk egindako lanak beste askoren poztasuna dakarrela oso polita da. Desiatzen nago egoera hau amaitu eta jende guztiarekin garaipena ospatzeko, badakit gure atzean pertsona asko daudela eta.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak? Europako sailkatzeko postua lortzea zelan ikusten duzu? Asmorik bai selekzioarekin Eurokopara joateko?

Lehenbiziko kontua klubarekin eta Realarekin zentratzea da, lortu ahal diren gauza guztien artean gertuen daukaguna hori baita, Realarekin Europan sartzea. Hala ere, behin denboraldia amaitzean, aukera baldin badago eta konbokatzen banaute, Eurokopara zein Olinpiar Jokoetara joatea izugarri gustatuko litzaidake. Baina erabaki hori ez dago guztiz nire esku, beraz, nik nire aldetik ahal den guztia egingo dut eta nire onena ematen saiatuko naiz.

whatsapp_image_2021-04-03_at_23.08.26

Sartutako penaltiarekin historian sartu zara. Berehala eskatu zenuen penaltia jaurtitzea, zergatik?

Kalerik egin gabe hogei penalti gauzatu ondoren, hirutan jarraian kale egitean zerk izan zuen eragina? Aurreko egunean taldekideok erabaki genuen, penaltirik egonez gero, nik jaurtiko nuela. Argi neukan penaltia sartuko nuela, taldekideek niganako konfidantza erakutsi zuten eta nik neuk ere nigan sinisten nuen. Zorte ona izan genuen eta espero bezala joan zen. Mila faktorek baldintzatzen dute jaurtiketa eta geldiketa bakoitza; akatsak egitea futbolaren parte da, eta niri azkeneko hiruretan kale egitea tokatu zitzaidan, baina aurreko beste hogeiak sartzea ere ez da lan makala.

Nori eskaini zenion garaipenaren gola? Zergatik?

Realzale guztiei, familiakoei, momentu honetan gurekin ez dauden pertsonei eta osasun langileei, besteak beste. Nire partidu osoa eta gola beraiei eskaini nahiko nieke, haiei esker jarraitzen baitugu guk ere aurrera.

whatsapp_image_2021-04-03_at_21.46.23

Xabi Prietoren 10arekin jokatzen duzu. Zenbaki horrek badu berezko esanahirik zuretzat? Maradona, Messi...

Zenbakiari baino gehiago esango nuke garrantzi handiagoa ematen diodala nire aurretik kamiseta hori eraman zuen jokalariari. Bizpahiru urtetan egon nintzen Xabirekin Realean eta ohore handia izan zen, niretzat eredu baita zelai barruan zein kanpoan. 10 zenbakia egokitu zitzaidanean erantzukizun handia sentitu nuen, Xabik ibilbide profesional luzea egin baitzuen harekin eta nik hartu niolako erreleboa. Hala ere, poztasun handia da klubak zuganako konfidantza jartzea.

Idolorik edo gustoko jokalaririk baduzu? Zer da zuretzat Silva moduko batekin jokatzea?

Davidek Eibarren jokatzen zuenean hasi nintzen bere jarraitzailea izaten, eta Realeko zenbait jokalari ere asko gustatzen zitzaizkidan: Nihat Kahveci, Xabi Alonso, Xabi Prieto… Uste dut garrantzitsua dela maila horretako jokalariak klubaren parte izatea, Realari izen ona ematen baitiote, eta klubak gauzak ondo kudeatzen dituen seinale delako.

Taldeko kapitainetako bat ere bazara. Zelako erantzukizuna dakar horrek zure kasuan?

Klubak ni kapitain moduan sartzeko erabakia hartu zuen eta aitortu beharra dut gustura onartu nuela. Nolanahi ere, aintzat hartu behar da kapitain izatera eraman zaituena ez dela ahaztu behar eta zure jokaera ez dela inondik inora ere aldatu behar. Pertsonalki esan dezaket kapitain naizenetik ez naizela aldatu eta nire jokatzeko modua eta jarrera berberak direla, nahiz eta ardura handitu zaidan.

whatsapp_image_2021-04-03_at_23.48.37

Zelan eragiten dizu jenderik ez egoteak? Badu ezer onik?

Esango nuke dagoeneko ohitu egin garela ikusle gabe jokatzera, baina ez da batere sentsazio atsegina. Zale gabeko partiduak “deskafeinatuta” daudela esango nuke, baina hori da gaur egun dagoena eta ezin da besterik egin. Espero dut ahalik eta bizkorren normaltasunera bueltatu ahal izatea.

Realarekin kontratua duzu 2024ra arte. Hortik aurerra zer, Donostian urte askoan jarraitzea espero duzu?

Momentu honetan nire buruak Realean besterik ez du pentsatzen. Hasiera-hasieratik etxean moduan sentiarazi naute uneoro eta oso ondo tratatu naute beti. Zelai barruan, kanpoan zein kalean oso baloratua eta maitatua sentitzen naiz, eta niretzat hori da lehentasuna gaur egun.

Ikasketekin ere aurrera egin duzu. Zein gomendio emango zenioke futbolaren munduan sartu berri den gazte bati ikasketei begira?

Futbola hartzen den seriotasun berarekin hartu behar dira ikasketak. Ulertzen dut askorentzat futbola serio hartzea errazagoa dela eta gutxiago kostatzen zaiola jendeari ikasketekin jarraitzea baino, baina argi izan behar da bizitzak buelta asko ematen dituela eta ez dakizula noiz amaituko den etapa bakoitza. Beti dago ondo futbolaz gain beste aukera posible bat izatea zurekin.

whatsapp_image_2021-04-03_at_22.14.22

Eibarko hasierako urteak gogoratzen dituzu? Zure orain arteko ibilbidean, zeinek lagundu dizu gehien?

Esango nuke gurasoen laguntza izan dela funtsezko eta oinarrizkoena. Egia da zelai barruan entrenatzaile asko izan ditudala laguntzen, baina benetan bizitza zer den eta nola jokatu behar den erakutsi didatenak nire gurasoak izan dira, zalantzarik gabe, beti baitaude nire alboan.

Jubeniletan Realetik Eibarrera bueltatu zinen modura, zer irudituko litzaizuke zure ibilbidearen azken urteak Eibarren egitea?

Inoiz ez naiz horretan pentsatzen hasi, lehen esan bezala, oraintxe bertan burua talde txuri-urdinean bakarrik daukadalako. Lasai eta gustura nago nagoen lekuan, baloratuta eta maitatuta sentitzen naiz, ez daukat besterik buruan.

Zelan ikusten duzu aurten eibartarrek bizi duten egoera? Zer lotura duzu Eibar FTrekin gaur egun?

Eibar Futbol Taldeko egoera ez da batere ona, ezin dut ukatu. Denok dakigu herriko kluba zein egoeratan dagoen momentu honetan. Hala ere, uste dut baloratu egin beharko genukeela zazpi denboralditan zehar Eibarrek lehen mailan egindako lan eta esfortzu guztia. Inork ez zuen uste lehengo mailara igoko zenik, ezta hainbeste urtean zehar bertan mantentzea lortuko zenik ere. Uste dut oso lan ona egin duela Eibarrek bai zelai barruan eta baita kanpoan ere, bulegoetan esaterako. Momentu honetako egoera nahiko zaila da eibartarrontzat, baina itxaropena ez da inoiz galdu behar, eta ziur nago, lanean jarraitzen badute, helduko dela haien saria.