Pello Osoro: “Entrenatu eta txapelketetan entrenatutakoa erakutsi besterik ez dugu egiten”

Pello Osoro: “Entrenatu eta txapelketetan entrenatutakoa erakutsi besterik ez dugu egiten”
2023/01/13 eta kitto!
Eibarko kirolari askok merezi dute aitortza eta horrela egin genuen abenduaren 31n, 27. Eibarko Kirol Sarietan. Baina, norbaitek nabarmentzea merezi badu, urtea amaitzeko hiru San Silbestre probatan parte hartu zuen Pello Osoro da hori. Hori kirola egiteko pasioa! Kirola egin, eta nola gainera, eibartarrak emaitza bikainak lortu baititu azken urteotan.

Neguko triatloian, udakoan, duatloian... Proba askotan ikusi izan dugu Pello Osoro eta, horregatik, sasoi betean egon ohi da urte osoan zehar. Beraz, prestakuntza egokia eduki asmoz, Lanzarotera joan da urteko lehen astean denbora baterako, triatloilariek entrenatzeko maite duten uhartera, eta hegazkina hartu aurretik egin ahal izan dugu berba berarekin.

 

Zer esan nahi du zuretzat Eibarko Kirol Sarietan sari berezia jasotzeak?

Inoiz espero ez duzun zerbait da eta demaseko ilusioa egiten du. Izan ere, beti gabiltza kanpoko sariak jasotzen eta herriko sari batek beti egiten du ilusio berezia. Kasu honetan, gainera, sari berezia eman didate eta pozgarria da.

Gauzak ondo egin dituzun erakusgarri, ez duzu uste?

Ondo ez dakit, azkenean gure kirolak ez du misterio askorik. Entrenatu eta txapelketetan entrenatutakoa erakutsi besterik ez dugu egiten triatloilariek. Ondo edo txarto, saiatu egiten gara gutxienez.

Hori bai, sari-banaketa amaitu eta berehala ikusi zintugun praka motzetan Eibarko San Silbestrea korritzeko prest. Aurten, gainera, formatu berriarekin egin da saioa. Zer iruditu zitzaizun?

Aurreko urteetan Aixolako urtegiaren inguruan egin eta gero, uste dut hobeto dela herrian egitea. Horrela, herritarrek lasterketa ikusi eta korrikalariak animatu ahal dituztenez, herrian gauzak antolatzen direla ikusi dezakete. Bestetik, ordutegi aldaketa ere aproposa dela uste dut. Lehen 16:00etan izaten zen eta bazkaldu eta berehala joan behar izaten ginen korrika egitera. Aurtengo esperientzia oso ona izan zen. Egia da eguraldia ere asko lagundu zuela. Ikusi beharko da hotzarekin eta euriarekin zer gertatzen den.

Lasterketa herrikoia zen eta lasai hartu zenuen...

Eibarko Kirol Sarien ekitaldiaren aurretik Eibar Igerixanek antolatutako Igeriketako San Silbestren hartu nuen parte eta igerilekuan bueltaka ibili nintzen. Gero, arratsaldean, Durangora joan nintzen, han San Silbestre lehiakorragoa antolatzen dutelako, eta gogoa nuelako han pixka bat sakatzeko. Beraz, horregatik ibili nintzen lasai Eibarren.

_NKE1685

Orain, Lanzaroten egingo duzu egonaldia. Zein asmorekin?

Iaz Sara Perez triatloilari profesionalarekin elkarlanean hasi nintzen, bideoak grabatzen eta argazkiak egiten. Berak Miamin (AEB) lehiatu behar du martxoan, eta urtarrilean eta otsailean zehar Lanzaroten egongo da entrenatzen. Orduan, hilabete hauetan hara eta hona ibiliko naiz. Lanzaroten pasako dut denbora gehiena, baina lasterketak korritu behar ditudanean irten egingo naiz. Gero, martxoan Miamira joango naiz Sararekin. Berarekin nagoenean plana da berak entrenatzea eta nik grabatzea, eta gero entrenatzeko aprobetxatuko dut.

Triatloilari asko joaten da Lanzarotera. Zergatik?

Turismoa egitera bazatoz, bi egunetan ia uharte guztia ikusi dezakezu, baina oso toki aproposa da entrenatzeko. Gu apartamentu moduko toki batean gaude, alboan igerilekua dugu, bizikletan ibiltzeko oso ondo dago, itsasoa bertan dugu...

Zein helburu dituzu 2023rako?

Momentu honetan neguko triatloiak prestatzen dihardut, nahiz eta Lanzaroten egon, elur barik (barreak). Urtarriletik martxora arte egongo naiz horrekin buru-belarri, eta Espainiako, Europako eta Munduko txapelketak lehiatzeko asmoa dut. Hortik aurrera triatloian murgilduko naiz, distantzia erdian eta luzean zentratuz.

Mota ezberdinetako probatan parte hartu ahal izateko, urte guztian zehar egon behar zara sasoi betean. Nola moldatzen zara?

Inoiz ez dut jakin lasterketa bat aukeratu eta horren bila joaten. Urte guztian entrenatzen eta lehiatzen ibiltzeko ohitura dut, beste barik. Agian ez dut sasoi puntu oso-oso alturik lortzen, baina urte guztian zehar sasoi betean egotea lortzen dut.

Horretarako, asko entrenatu beharra dago.

Triatloian, asko entrenatzen baduzu, hobetu egiten duzu. Fondoko kirola da eta entrenatzea da gakoa. Beraz, asko entrenatu behar da. Egia ere bada entrenatzaile gabe ibiltzen naizela, neure kasa, eta gustatzen zaidalako entrenatzen dudala hainbeste. Agian triatloian ibiltzeko ez da nik egiten dudan entrenamendu kopurura iritsi behar. Hau da, gutxiago entrenatuz neure maila lortu daiteke. Tira, momentuz denbora dut eta horrela egitea gustatzen zait, baina ez da beharrezkoa hainbeste entrenatzea. Azkenengo urteetan belauneko arazoekin ibili naiz eta, horregatik, bizikleta gehiago eta korrika gutxiago egiten dut orain. Beraz, bizikletan berez denbora gehiago ematen denez, entrenamenduei eskaintzen diedan denbora ere hazi egin da.

Aldaketa hori gero lehiatzerako orduan igarri duzu?

Bai. Azkenean, arlo guztiak gero eta hobeto erregulatu, hobe da. Orekari eustea da egokiena kirol horretan. Dena dela, argi dut korrika askorik ezin dudala egin, belaunean desgaste asko dudalako, eta ahal den neurrian hortik kentzen saiatzen naiz.

Beti esan izan duzu igeriketan aurkitzen dituzula zailtasun gehienak. Zergatik?

Ordu asko sartzen ditut igeri egiten eta oso gutxi hobetzen dut. Seguruenik, igeri egiten ez duen bati galdetzen badiozu, maila ona dudala esango dizu, eta igerilariak ez garenon artean maila ona dut, baina igerilekura edozein arratsaldetan joan eta han dabiltzan umeak ikusten ditudanean, askoz ere azkarrago egiten dute igeri. Ez da indar kontua, teknika da eta, txikitatik ez baduzu egin, zaila da. Uretako probatik ez naiz hain gaizki irteten, baina igerilari batekin alderatuz, desastre bat (barreak). Korrika egiten edo bizikletan orduak sartuz gero, hobetzen dozu, baina igerian txarto egiten baduzu, agian heltzen zara puntu batera ez duzuna hobetzen, orduak sartu arren.

DSC_3085

Hainbeste entrenatzeko, denbora behar da; eta denbora edukitzeko, babesleen laguntza (besteak beste). Horrek ere lana eskatzen du. Nola kudeatzen duzu hori guztia?

Batetik, momentuz gurasoekin bizi naiz eta horri esker entrenatzeko denbora asko dut. Nire bizitza entrenatzea, lan egitea, jatea eta lo egitea da, ez dut besterik egiten. Nik entrenatzen dudan guztia edozeinek ezin du egin, ez duelako denborarik. Bestetik, orain dela hainbat urte ikus-entzunezkoak egiten hasi nintzen eta, horren bitartez, Orbea eta Orcakoekin bideoak eta argazkiak egiten hasi nintzen. Triatloian ibiltzen nintzela ikusi zuten eta hortik hasi nintzen euren aldetik materiala eta laguntza jasotzen. Horrela, arlo biak elkartzea lortu nuen eta horrek asko laguntzen du. Adibidez, orain Sararekin Lanzaroten egongo naiz, eta ez da gauza bera enpresa batentzat lan batzuk egitea edo zure antzeko zerbait egiten ari den norbaitentzat lan egitea.

Eibarko sari-banaketan zure kirol ibilbidean lagun izan dituzun herriko taldeak aipatu zenituen. Nolakoa izan da bidea? Hasieratik eduki zenuen argi triatloia egin nahi zenuela?

Iaztik Bizkaiko talde batean dihardut, baina bestela ibilbide guztia Eibarren egin dut. Atletismoko taldean hasi nintzen. Arratsaldero Unbera joaten nintzen eta hori zen nire bizitza, inoiz ez nuke pentsatuko hori aldatuko nukeenik, baina lesioen ondorioz triatloian hasi nintzen eta triatloi taldera batu nintzen pixka bat kasualitatez. Gero, bizikletan nahiko ondo ibiltzen nintzenez, Eibarko Txirrindularitza Taldekoek tokia egin zidaten. Eta igeriketara berandu iritsi nintzelako, bestela tokia egingo zidaten han ere, seguru nago. Arlo horretan demaseko zortea dugu Eibarren, edozein tokitan ezin delako berdina esan.