2022ko ekitaldirako aurrekontu-akordioa adostu dute EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek

2022ko ekitaldirako aurrekontu-akordioa adostu dute EAJ-PNV eta PSE-EE udal taldeek
2022/01/28 eta kitto!
EAJ-PNV udal-taldeak 2022ko ekitaldirako aurrekontu-akordioa lortu du PSE-EE udal-taldearekin, gaur goizean Josu Mendicute, Alberto De la Hoz eta Mertxe Garate zinegotziek jakinarazi dutenez. Atzo bertan sinatutako akordioa 1,7 milioi euroko 12 puntutan oinarrituta dago eta, bertan jasotako proiektu nagusien artean, aparkaleku perimetralen sarea gauzatzera bideratutakoak, hiria umeentzat atseginagoa bihurtzeko jarduketak eta Eibar zein inguruan zuhaitzak landatzea nabarmendu dituzte.

Akordioaren berri emateko prentsaurrekoa saihesbidearen aldamenean dagoen Jardiñetako aparkalekuan izan da, hain zuzen ere bere edukiera bikoizteko asmoa dagoelako. Azaldu dutenez, talde bien artean adostutako partida handienetako bat (850.000 euro) horretarako erabiliko dute. Mendicuteren berbetan, “gure hauteskunde-konpromisoa betetzen jarraitzen dugu. Eibarren aparkaleku perimetralak sortzeko bermea EAJ-PNV da, aparkalekuaren eta trafikoaren arazoa konpontzeko eta, horrela, kaleak eta auzoak oinezkoek erabiltzeko lagatzeko. Legarrekoa martxan jarri ondoren, Jardiñetako aparkalekua handitzea eta Fray Martin Malleako eta Ubitxako proiektuak idaztea urrats berriak dira azken hauteskundeetan hartu genuen konpromisoa betetzeko”.

EAJ-PNVk Eibarren 2.500 aparkaleku egiteko Plana orain dela hiru urte aurkeztu zuen, jeltzaleen “Eibar 2030” estrategiaren baitan. Gogora ekarri dutenez, Plan horren helburua hiri-berreskurapeneko eredu bat bultzatzea da, aparkaleku perimetral ugari jarriz eta, horrela, aldi berean, kaleak oinezkoentzat berreskuratzea”.

Pisu ekonomiko handieneko bigarren ekimena Txaltxa Zelaian haurrentzat ur-jolasak izango dituen parkea egitea izango da: “Pandemiak gauza asko irakatsi dizkigu. Konfinamendu  perimetralek azaleratu egin zituten Eibarrek dituen erronkak bizitzeko eta lan egiteko hiri gisa. Txanpon beraren bi aurpegiak dira. Eibarrek etorkizuna izatea nahi badugu, kalitatezko enplegua eskaini behar dugu, baina, era berean, irtenbideak eskaini behar ditugu txikienek hemen hazteko hiri bat aurki dezaten”.

Ildo horretan, EAJk EIbar Haurtzaroaren Hiri Lagun bihurtzearen alde egin duela azaldu dute: “Saiatzen ari gara aisialdirako eremu berriak lortzen eta daudenak hobetzen. Ildo horretan, EAJtik gogor lan egiten dugu gauden batzordeetan, eta, gure ustez, mimo handiagoz landu beharreko kontua da”.

Aipatutako horiez gain, jeltzaleek proposatu eta sozialistekin adostu dute komun publiko berri bat jartzea anbulatorio edo San Juan kalearen inguruan, eta 100.000 euro erabiliko dira horretarako.

Akordioan jasotako proiektuez gain, udal talde sozialistak Barrenako Hijos de Gabilondo pabiloian aparkaleku-plazak egiteko konpromisoa hartu duela adierazi dute jeltzaleek, “baita parke bat (Barakaldokoa edo Barrena kalekoa) estaltzekoa ere”.

Adostutakoen artean ingurumenaren mesederako planak daude baita ere: “Habitat atsegina eta garapen iraunkorreko eredu bat lortzeko, plan bat idatzi eta gauzatuko du Udalak, hirigunean zuhaitz kopurua handitzeko eta 100.000 euro erabiliko dira horretarako”.

Orain arte aipatutakoekin batera, jeltzaleen ekimenez 30.000 euroko aparteko diru-kopurua erabiliko dute tokiko merkataritzari laguntzeko. Akordioak 3.000 euroko diru-laguntza aurreikusten du Arte Martzialen Ronin Klubarentzat, eta 2.000 eurokoa Odisea mahai-jokoen elkartearentzat. Eibar Eskubaloia ere onuraduna izango da, “60.000 euroko aparteko diru-laguntza izango baitu. 10. urteurrena ospatuko du aurten eta, horrez gain, txapelketa bat antolatzeko erabili ahal izango du diru hori”. Era berean, 10.000 euro erabiliko dira Tiburzio Anitua eta Karlos Elgezua kaleak lotzen dituen Amañako igogailu berriaren pasabidearen segurtasuna hobetzeko.

Bestalde, PSEk sartutako zuzenketa bakarra, grabatu eta damaskinatu tailer bati buruzkoa, EAJk babestuko duela azaldu dute. Tailer horretarako partida 18.000 eurokoa izango da.