Sostoa, herri baten abesbatza

Sostoa, herri baten abesbatza
2021/11/05 11:53
eta kitto!
Musika Eskolako Leon Laspiur gelan Sostoa Abesbatzaren artxiboa aurkitu dezakegu. Partiturak, argazkiak, garaikurrak… Herriko abesbatzak ia lau hamarkadatan batu dituen esperientzien zertzeladak daude jasota gela horretan, baina bizipenak askoz gehiago dira. Azken urteotan bide berria hasi du abesbatzak eta indartsu begiratzen dio etorkizunari, gauza berriak egiteko gogoz, abeslariek korua bizi egiten dutelako.

 

Mirengu Plazaolak orain dela hiru urte inguru hartu zuen Sostoa Abesbatzaren gidaritza. Koruak aldaketa prozesua bizi zuen, ibilbide luzeko kide batzuek taldea laga zutelako, besteak beste, eta Plazaolaren eskutik aro berria hasi zuen Sostoak. Orain, oztopoak oztopo (pandemiak ez du lagundu), taldeak inoiz baino indar eta ilusio gehiagorekin egiten du aurrera eta entseguetan buru-belarri dabiltza, laster zuzenean entzuteko aukera izango ditugulako.

Santa Zezilian, musikari gorazarre egiteko, Sostoa Eibarko Musika Bandarekin batera arituko da herriko kaleetan. “Eibarko beste eragile kulturalekin hartu-emanean egotea garrantzitsua dela deritzogu”, esan digute taldekoek. Abenduaren 18an, ostera, eurak izango dira protagonista nagusiak, San Andres parrokian Gabonetako kontzertua eskainiko dutelako. “Gainera, Gabonetakoa prestatzen dugun bitartean, proposamen gehiago iritsi zaizkigu eta, ahal dela, denei helduko diegu, denborak uzten badigu behintzat”, Mirengu Plazaola zuzendariaren berbetan.

Gabonetako kontzertuak tradizio handia du Sostoan eta, pandemiaren ondoren geldirik egon ondoren, berezia izango da aurtengoa. “Abesti batzuk Sostoaren artxibotik berreskuratuko ditugu, baina beste batzuk berriak izango dira. Sostoa berriz herrian dagoela eta jarraitzen dugula esateko momentu egokia da”, diosku zuzendariak.

 

Abesteko grina

Pandemia sasoian, Sostoarentzat ez da erraza izan bere jardunarekin jarraitzea. 2020ko azarotik aurtengo irailera arte ezin izan dute ekintzarik egin eta, oraindik ere, mugak dituzte euren ohiko jarduerak egiteko. “Aurreko ikasturte amaieran protokoloa idatzi behar izan genuen eta nahitaez bete behar dugu. Gaur egun, guretzat ez dira neurriak zabaldu. Metro eta erdiko distantzia egon behar da pertsona batetik bestera, maskarekin entseatu behar dugu, hidrogela eman… Baina beno, nahiz eta itzulera nahiko gogorra izan, bagabiltza lanean”, dio zuzendariak itxaropentsu.

Etenaldiak ez ditu abesbatzako kideen animoak urritu eta irailean indarberrituta itzuli ziren entseguetara. “Berriro hasten gaude, baina espero nuena baino jende gehiago dago taldean eta horrek erakusten du jendeak lana egiteko gogoa eta abesteko grina duela”, aitortzen du Plazaolak. Izan ere, zuzendariaren ustez, pandemia iritsi aurretik abesbatza “oso bide onetik” zihoan eta joera horri heldu nahi diote berriz ere.

Pandemiaren ondoren taldeko ia kide guztiek jarraitzen dute eta, gaur egun, 20 lagun inguruk osatzen dute Sostoa. Dena dela, jende berria erakartzeko gogoz, orain dela pare bat aste entsegu irekia eskaini zuten Errebal Plazan, ‘Korua bizi’ goiburuarekin. Korua barrutik ezagutzera emateko aukera eman nahi izan zieten herritarrei eta ekimen interesgarria izan zen. “Gainera, pare bat lagunek gurera etortzeko interesa aurkeztu dute eta astelehenean beste neska bat etorriko da probatzera”, dio Plazaolak. Nola ez, abesbatzan kantatu nahi dutenei probak egiten dizkiete, nolako ahotsa eta nola abesten duten jakiteko, eta abar. Dena dela, abesbatzakoek atsegin handiz hartzen dute jendearen interesa. “Gero eta jende gehiago izan, askoz hobe, gauza gehiago egiteko gai izango garelako”, zuzendariaren ustez.

 

Errepertorio anitza

Sostoa abesbatza, momentu honetan, hiru ahotseko taldea da: bi emakumeena eta bestea gizonezkoena. “Nahiz eta abesti batzuk lau ahotsetara egiten ari garen”, Plazaolak dioenez. Lau ahotsetako abesbatza izatea gustatuko litzaieke edo, ahal dela, orfeoi bat, baina horretarako 100 lagun inguru behar dira eta zaila da gaur egun horrelako zerbait sortzea. “Are zailagoa da gizonezkoengan, ez dakit zergatik”, aitortzen du zuzendariak. “Abesbatzetan, oro har, gizonak gero eta gehiago falta dira. Gizonezkoen abesbatza batzuk sortzen dira, baina ez dira herri batekoak, Gipuzkoa eta Euskadi mailakoak baizik. Sasoi batean otsoteek eta gizonezkoek abesbatzetan zuten indarra galdu egiten ari da, eta pena da”, bere iritziz.

Sostoak ez du estilo jakin bat eta, hiru ahotseko abesbatza izanik, horretara egokitzeko errepertorioa bilatu behar izaten du zuzendariak. Gauza ezberdinak egiten saiatzen dira. “Adibidez, hiru ahotsetara dagoen XV. mendeko abesti bat aurkitzen badugu, hori egiten dugu; eta gaur egungoa bada, baita ere. Errepertorio zabala dugu”, diosku.

Errebal Plazako ekintzan egin bezala, Sostoaren ateak zabalik daude eta atsegin handiz jasoko dute jende berria. Astean birritan entseatu ohi dute, astelehenetan eta eguaztenetan, 20:30etik 22:00etara, Musika Eskolan, Eibarko Orfeoia gelan. “Ordu eta erdi horretan, ahotsa eta gorputza berotzen dugu (egun osoaren ondorengo saio bat egiteko, gorputza berriz aktibatu behar da), eta gero abestu egiten dugu. Batzuk zerotik hasten ditugu, besteak ezagunak dira eta errepasatu egiten ditugu… Lantzen dihardugunaren arabera”, azaldu digu Plazaolak.

Eurekin harremanetan jarri nahi izanez gero, abesbatzaren Facebookeko edo Twitterreko orrietan, coral.sostoa.abesbatza@gmail.com helbidean, 680 62 95 69 telefonoan edo Portalean egiten dituzten entseguetan aurkitu ditzakezue. “Taldearen berri emango diegu, entsegua ikusi dezakete, probatu… Ateak edonorentzat daude zabalik”, diosku zuzendariak.