Ander Unamuno infantila hirugarren izan zen Ezoziko tiraldian
Joan den larunbatean, apirilak 25, Gipuzkoako Hiru Txirlo Txapelketaren 6. jardunaldia jokatu zen Ezoziko bolatokian, Soraluzen, eta 69 parte-hartzaile izan ziren bertan.
UDA taldeko Gorka Madinabeitiak (sailkapen orokorreko liderrak) lortu zuen garaipena zortzi txirlorekin eta Lastur taldeko Joseba Lazkano izan zen bigarren zazpi txirlorekin. Hirugarren postua Eibarrera etorri zen, Asola Berri taldeko Ander Unamuno infantilak oso lan ona egin baitzuen sei txirlo lortuta, gurean etorkizuna dagoela erakutsiz.
Beteranoak ere ez dabiltza txarto. Izan ere, bikotekako sailkapenean bi eibartar ditugu lehen postuan, Asola Berrik A-rekin jokatzen duen Bittor Ugarteburu eta Elgeta A-rekin dabilen Bittor Astigarraga. Gainera, bakarkako sailkapen orokorrean ondo dabiltza, Astigarraga 2. eta Ugarteburu 3. postuan, eta beteranoen sailkapenean 1. eta 2. postuan, hurrenez hurren.
Emakumezkoetan, bestalde, Asola Berriko Enara Montielek jarraitzen du lidergoan, sailkapen orokorrean 6. postuan dagoelarik.
Asteburu honetan atsedena hartuko dute eta Gipuzkoako Txapelketaren hurrengo zita San Migeleko bolatokian izango da, maiatzaren 9an, 17:00etan.