Animadebak 19. edizioa abiatu du Deban, animazio analogikoa eta artisau-sorkuntza ardatz hartuta
Animadeba Nazioarteko Animazio Jaialdiaren 19. edizioa egiten ari dira egunotan Deban. Irailaren 9an, eguaztenean, hasi zen jaialdia, eta bihar, zapatua, amaituko da. Aurtengo edizioak animazio analogikoa eta artisau-sorkuntza ditu ardatz, eta lau egunotan askotariko filmak, tailerrak, profesionalentzako jarduerak, haurrentzako saioak eta musika emanaldiak ari dira eskaintzen.
Aurtengo gonbidatu nagusiak Hugo Covarrubias eta Špela Čadež dira, eta bien lanen atzera begirakoa eskaini zuten jaialdiaren lehen egunean. Horrez gain, Iskra Selectors, Sara Zozaya eta beste hainbat artistaren kontzertuak eta animaziozko filmen proiekzioak ere egin dituzte lehen bi jardunaldietan.
Gaur, proiekzioak eta sorkuntza-tailerrak
Gaurko egitaraua goizean hasi da, gazteen epaimahaiaren ikustaldiarekin. Egunean zehar, animazio-jaialdien eraginari, animazio independentea ekoizteari eta marrazketatik animaziora igarotzeko prozesuari buruzko tailerrak egingo dituzte.
Haurrentzako proposamenen artean, berriz, Makusi: Zientzia Piztia telesailaren saioa izango da 11:00etan. Arratsaldean, 17:00etan, festibal gonbidatuaren filmak eskainiko dituzte, eta 19:00etan Sail Nagusiko lehen saioa egingo dute.
Gauean ere izango da zertaz gozatu. La Bobina Podcasta eta EITB Gauaren barruan José Luis Ágredari EITB Saria emango diote. Ondoren, Dekoratua filmaren emanaldia izango da, eta Maskak eta DJ Siwanabak musika jarriko dute gauari amaiera emateko.
Bihar, azken jardunaldia
Bihar, irailaren 12an, emango diote amaiera Animadebaren 19. edizioari. Goizean, bideojokoen inguruko case study-a eta STopMovidas eta Joko-logikak tailerrak izango dira. 13:30ean, Xahuren kontzertua egingo dute Itsas Labarrak gunean.
Arratsaldean, 17:00etan, Mumbo Jumbo filmaren emanaldia izango da, eta 19:00etan Sail Nagusiko bigarren saioa. Ondoren, Bingoaaaa Albina&Divina, sari banaketa eta hainbat kontzertu izango dira. Otamar, Asfa eta DJ Txolatapotxola arduratuko dira jaialdiari amaiera emateaz.
Animadebaren 19. edizioak, beraz, azken bi jardunaldiak izango ditu oraindik Deban, animazioaren askotariko teknikak eta adierazpideak herritarrengana hurbilduz eta sorkuntza artistikoaren inguruko topagunea eskainiz.
Egitarau osoa Animadebaren webgunean kontsulta daiteke.