Bost foruzain hil dira AP-8an, Elgoibar eta Maltzaga artean izandako istripu larrian

Bost foruzain hil dira AP-8an, Elgoibar eta Maltzaga artean izandako istripu larrian
2026/06/03 09:38
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Bost foruzain hil dira gaur goizean AP-8 autobidean, Elgoibar parean, AP-8 eta AP-1 lotzen dituen Maltzagako lotunean izandako trafiko istripu larrian.

Ezbeharra 09:15 aldera gertatu da, Foruzaingoko ibilgailu bat Iruñean (Nafarroa) zuten base operatiborantz zihoala, Iurretan praktika profesional batzuk egiteko. Hildako bostak istiluen aurkako brigadako kideak ziren.

Ertzaintzak azaldu duenez, oraindik argitu gabeko arrazoiengatik, Foruzaingoaren monobolumenak zisterna kamioi bat jo du. Talkaren ondorioz, furgonetako bost bidaiariak bertan hil dira. Kamioiaren gidaria zauritu da eta helikopteroz eraman dute ospitalera.

Istripuaren eraginez, kamioia erdibitzailearen gainean geratu da eta Donostiarako noranzkoko bi errailak ere inbaditu ditu. Hasieran AP-8 erabat itxi behar izan dute bi noranzkoetan, eta auto ilara luzeak sortu dira. Trafikoa AP-1etik desbideratu dute.

10:40ak aldera, Donostiarako noranzkoan errail bat ireki dute, baina Bilborako noranzkoa itxita jarraitzen du.

Larrialdi zerbitzu ugari izan dira lanean: Ertzaintza, bi anbulantzia medikalizatu eta Azpeitia eta Eibarko suhiltzaileen hainbat ibilgailu bertaratu dira erreskate lanetara.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du istripuaren nondik norakoak argitzeko.