Arrateko Andra Mari ikastetxeak irabazi du 2026ko Euskararen Baloia
Badugu 2026ko Euskararen Baloia egitasmoaren sariduna: Arrateko Andra Mari. Eibarko ikastetxeak aurkeztutako bideoak eskuratu du aurtengo saria, baina irabazle nagusia euskara izan da.
Garaipena lortuta, Arrateko Andra Mariko ikasleak Areitiko kirol-hirian egon ahal izan dira gizonezkoen lehen taldearen entrenamendua ikusten eta jokalariak gertutik ezagutzeko aukera izan dute. Gainera, SD Eibarren autobusean joan dira bertara.
Guztira, Ermua, Elgoibar eta Eibarko 11 ikastetxetako 450 haur inguruk hartu dute parte SD Eibar Fundazioak antolatzen duen ekimenean. Horrela, urtean zehar Ipurua bisitatu, Euskararen Baloiaren kondaira gertutik ezagutu eta futbolariekin momentu bat partekatu ahal izan dute.
Epaimahaiari dagokionez, 13 lagunek hartu dute erabakia, tartean emakumezkoen eta gizonezkoen lehen taldeen entrenatzaileek (Iñaki Goikoetxea eta Beñat San Jose hurrenez hurren), Jon Iraola Eibarko alkateak, Aitor Aldasoro Hizkuntz Politiken sailburuordeak, eta Akebaiko eta ...eta kitto! Euskara Elkarteko ordezkariek.