Avanza Gipuzkoako langileek hitzarmen berria onartu dute, 26 greba egunen ostean

Sei urteko negoziazioaren ondoren lortu dute akordioa. Urteko lanaldia 1.592 ordura murriztea, soldata-igoerak eta errelebo-kontratu mugagabeak jasotzen ditu, besteak beste.
Avanza Gipuzkoako langileek hitzarmen berria onartu dute, 26 greba egunen ostean
2026/10/13 12:45
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Gipuzkoako Avanza Movilidad enpresako langileek hitzarmen kolektibo berria sinatzea onartu dute, langileen gehiengo zabalaren babesarekin. ELA sindikatuak urriaren 9an jakinarazi zuenez, akordioak sei urteko negoziazioari eta 26 greba eguneko gatazkari amaiera eman die. Enpresak Lurraldebus zerbitzua eskaintzen du Gipuzkoan. 

Hitzarmen berriak hainbat lan-baldintzatan hobekuntzak jasotzen ditu. Urteko lanaldia 1.592 ordukoa izango da, eta lanaldiaren barruan “toma y deje” izeneko denbora —txanda hastean edo amaitzean erreleboa egiteko behar dena— benetako lan-denboratzat hartzeko konpromisoa hartu dute hurrengo lizitaziorako.

Akordioak erretiro partzialerako errelebo-kontratu mugagabeak ere jasotzen ditu, baita hitzarmenaren inaplikazioak ezabatzea eta aldi baterako langileentzako lan-poltsa sortzea ere. Horren bidez, behin-behineko langileen egoera erregularizatu eta argitu nahi dute.

Horrez gain, hitzarmenaren indarraldian geratzen den urte eta erdian lanaldia beste 22 orduz murriztea eta soldata-igoerak adostu dituzte.

Grebaren ostean lortutako akordioa

ELAk nabarmendu du 26 greba egunak erabakigarriak izan direla negoziazioa desblokeatzeko eta hitzarmenean jasotako hobekuntzak lortzeko. Sindikatuaren arabera, negoziazio prozesuan enpresak lan-baldintza prekarioei eustea defendatu du, eta mutualitateek langileen bajen kudeaketan esku hartzea proposatu du.

Hitzarmen berria onartuta, amaitutzat eman dute sei urte iraun duen negoziazioa eta 26 greba egun bildu dituen mobilizazio prozesua.