Debabarrenean biohondakina biltzeko sistemak hobera egin du, azken datuen arabera

2026ko apirilaren 23an eta 24an egindako lau karakterizazioen arabera, konposta egiteko materialaren ehunekoak %96tik gorakoak izan dira kasu guztietan. Zehazki, Eibarko laginek %96,76 eta %98,37 arteko frakzio konpostagarria lortu dute.
Debabarrenean biohondakina biltzeko sistemak hobera egin du, azken datuen arabera
2026/07/13 18:20
Silbia Hernandez Arrazola

Debabarreneko Mankomunitateak gure eskualdean jaso eta Epeleko instalazioan tratatutako biohondakinaren lehen karakterizazioen emaitzak jaso ditu. Instalazioa Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioarena (GHK) da, eta Legazpin dago. Mankomunitatetik adierazi dutenez, “datuen arabera, bildutako materialaren kalitatea nabarmen hobetu da, konposta egiteko frakzioa oso handia baita, eta desegokiak nabarmen murriztu baitira”.

2026ko apirilaren 23an eta 24an egindako lau karakterizazioen arabera, konposta egiteko materialaren ehunekoak %96tik gorakoak izan dira kasu guztietan. Zehazki, Eibarko laginek %96,76 eta %98,37 arteko frakzio konpostagarria lortu dute; Elgoibarkoek, %97,91koa; eta Deba-Mutrikutik etorritakoek izan dute emaitza onena, %98,84ko material konpostagarria izatera iritsi baitira.

Mankomunitatetik diotenez, “emaitza horiek berretsi dute Debabarrenan biohondakina biltzeko sistemak bilakaera positiboa izan duela, bereziki 2025eko martxoa eta maiatza artean edukiontzi organikoak itxi zirenetik. Neurri horrek zuzenean lagundu du herritarrek utzitako materialaren kalitatea hobetzen eta kudeaketa-sistemaren eraginkortasuna indartzen”.

Desegokien murrizketa nabarmena
Nabarmendu dutenez, “hobekuntza bereziki garrantzitsua da aurreko karakterizazioen datuekin alderatuz gero. 2022ko azaroan, biohondakinentzako edukiontziak itxi aurretik, laginen arabera, desegokiak %5,40koak ziren, eta GHK-k ezarritako legezko muga (%5) gainditzen zuten. Une hartan, sistemak ez zuen indarrean zegoen arau-atalasea betetzen”.

Hobekuntzak egin ondoren, errefusa, gaur egun, %1,16 eta %3,24 artekoa da aztertutako lagin guztieta: “Horrek esan nahi du hobekuntza egiturazkoa eta iraunkorra izan dela eskualdean jasotako biohondakinaren kalitateari dagokionean”.

Materialaren kalitatea hobetzeaz gain, edukiontziak ixteari esker, “poltsak arrantzatzeko” zerbitzua kontratatzeko beharrik ez egotea lortu da, “organikoaren edukiontzietatik desegokien poltsa osoak kentzeko erabiltzen baitzen lehen. Modu horretan, neurriak zerbitzuaren kudeaketa sinplifikatu eta kostu gehigarriak saihestu ditu”.

Debabarrenako Mankomunitateak azpimarratu duenez, datu horien arabera, hartutako neurriak eraginkorrak izan dira eta herritarren lankidetza ere garrantzitsua izan da, hondakinak modu eraginkorrago, arduratsuago eta iraunkorrago batean kudeatzeko bidean aurrera egiteko.