Debabarreneko Orfeoiak bete egin ditu Zamorako eta Toroko elizak

X. urteurrena ospatzeko biraren barruan, kontzertu bana eman du Zamorako San Cipriano elizan eta Toroko Santa Maria kolegiatan.
Debabarreneko Orfeoiak bete egin ditu Zamorako eta Toroko elizak
Debabarreneko Orfeoia artxibo irudi batean.
2026/10/13 11:45
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Debabarreneko Orfeoiak (DBOR) jendetza bildu du Zamoran eta Toron (Espainia) emandako kontzertuetan. X. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien barruan, lehenengo Zamorako San Cipriano elizan abestu zuten, eta, ondoren, Toroko Santa Maria kolegiatan, hango mahats-bilketaren jaiarekin bat eginez.

Orfeoiak jakinarazi duenez, bi emanaldiek harrera oso ona izan dute, eta bi elizak bete egin dira. Zamorako San Cipriano elizan aritzea «benetako esperientzia» izan zela nabarmendu dute; Toroko Santa Maria kolegiatan abestea, berriz, «luxua» izan dela adierazi dute.

Bidaia amaituta, entseguekin jarraituko du Debabarreneko Orfeoiak, X. urteurrenaren ospakizunaren barruan datozen konpromisoei begira.