Debegesaren Etxebizitza Bulego Ibiltaria Debabarreneko herritarren eskura
Abian da Debegesak Debabarreneko udalekin elkarlanean eskaintzen duen Etxebizitza Bulego Ibiltaria. Doako zerbitzuak eskualdeko zortzi udalerri hartzen ditu: Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze. Herritarrei etxebizitzaren alorreko izapideak egiten eta dauden laguntza publikoak eskuratzen laguntzea du helburu.
Urte hasieran indartu zuten zerbitzua, alokairuaren eta eraginkortasun energetikoaren inguruko informazioa eta aholkularitza herritarrengana hurbiltzeko. Esther Zarrabeitia Debegesako Hirigintza eta Birgaitze arduradunak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritzaren alokairu-programen inguruko informazioa ematen dute, eta etxebizitza horietarako dauden laguntzak eta baliabideak eskuratzeko prozesuan laguntzen dute. Besteak beste, Alokabiden izena emateko eta Gaztelagun edo Emantzipa programen eskaerak egiteko laguntza eskaintzen dute.
Zerbitzuaren bidez, alokairuko etxebizitza eskuratzea erraztu eta dagoen etxebizitza-parkea hobeto erabiltzea bilatzen dute, etxebizitzak baldintza egokietan eta programa publikoen barruan alokairuan jartzeko.
Birgaitzea eta energia-aurrezpena
Debegesak 1998az geroztik eskaintzen du hiri-birgaitzeari buruzko zerbitzu integrala, Debabarreneko Birgaitzerako Hirigintza Elkarte gisa. Eraikinak eta etxebizitzak birgaitzeko prozesuetan laguntzen die auzo-komunitateei, jabeei eta maizterrei, eta berrikuntzak ekar ditzakeen abantailen berri ematen die.
Horrez gain, Etxebideko birgaitze-laguntzak izapidetzeko aholkularitza ematen du, baita beste laguntza batzuei buruzko informazioa ere, hala nola EEE/EVEren eta udalen dirulaguntzei buruzkoa. Energia-aurrezpenaren arloan, berriz, bono sozial termikoari eta elektrikoari buruzko aholkularitza eskaintzen du, baita energia-fakturak optimizatzeko laguntza ere.
Zerbitzuak aurrez aurreko arreta eskaintzen du zortzi udalerrietan, eta aurretik hitzordua eskatzea gomendatzen dute. Horretarako, 943 820 110 telefono-zenbakira deitu behar da Eibarko arretarako, eta 675 873 853 zenbakira gainerako udalerrietarako.