Deporreko eta Morkaikoko mendizaleek Pirinioetara irteera egingo dute uztailaren 18an eta 19an

Bi eguneko ibilaldia egingo dute, egun bakoitzean 15 kilometro inguru eginez
Deporreko eta Morkaikoko mendizaleek Pirinioetara irteera egingo dute uztailaren 18an eta 19an
Pic Arrouy
2026/06/30 17:27
Ekhi Belar Errasti

Eibarko Klub Deportiboko mendi batzordeak eta Elgoibarko Morkaiko mendi taldeak bi eguneko irteera antolatu dute uztailaren 18 eta 19rako. Parte-hartzaileek Pirinioetako paraje ikusgarrienetako batzuk zeharkatuko dituzte, Pont d'Espagne, Pic Arrouy, Wallon aterpea, Gran Facha (Punta dera Faixa) eta Panticosako bainuetxea lotuko dituen ibilbidean.

Lehen jardunaldia, uztailaren 18an, Pont d'Espagnetik Wallon aterpera egingo da, Pic Arrouy gailurretik igaroz. Guztira 15 kilometroko ibilbidea izango da, 1.580 metroko desnibel positiboarekin. Gailurra egitea aukerakoa izango da, eta antolatzaileek desnibel txikiagoko alternatiba ere eskainiko dute.

Bigarren egunean, uztailaren 19an, mendizaleak Wallon aterpetik Panticosako bainuetxeraino joango dira, Gran Facha (3.005 metro) igarota. Etapa horrek 16 kilometro izango ditu, 1.355 metroko igoerarekin eta 1.570 metroko jaitsierarekin. Kasu honetan ere gailurrera ez igotzeko aukera izango da, Marcadau portutik abiatzen den ibilbide alternatibo baten bidez.

 

Izena emateko

Irteera uztailaren 18ko goizaldean izango da, autobusez, eta parte-hartzaileek Wallon aterpean egingo dute gaua. Prezioaren barruan sartzen dira joan-etorriko autobusa, afaria, ostatua eta gosaria. Bazkariak, berriz, norberaren kontura izango dira, eta zeharkaldia denez, bi egunetarako beharrezkoa den material guztia motxilan eraman beharko da. Antolatzaileek gogorarazi dute aterpean lo egiteko izara-zakua beharrezkoa dela.

Irteeran parte hartzeko ezinbestekoa izango da Frantziako Pirinioetarako estaldura duen federazio-lizentzia izatea. Prezioa 170 eurokoa izango da bazkide federatuentzat eta 200 eurokoa bazkide ez diren federatuentzat. Izena ematean 50 euroko fidantza ordaindu beharko da.

Izen-ematea gaur, ekainaren 30ean, 18:00etan, irekiko dute Eibarko Klub Deportiboak eta Morkaikok aldi berean. Plaza kopurua mugatua denez, antolatzaileek interesa duten mendizaleei lehenbailehen izena ematea gomendatu diete.