DH Ermua bizikleta jaitsiera lasterketaren bigarren edizioa jokatuko da asteburuan Urkotik behera

Larunbat arratsaldean entrenamenduak egingo dituzte eta lehiaketa igande goizean izango da
DH Ermua bizikleta jaitsiera lasterketaren bigarren edizioa jokatuko da asteburuan Urkotik behera
2026/07/15 11:46
Ekhi Belar Errasti

Asteburuan hainbat txirrindulari ikusi ahal izango ditugu Urkotik behera ziztu bizian jaisten. Izan ere, DH Ermua bizikleta jaitsiera lasterketaren bigarren edizioa jokatuko da eta orain dela 25 urte sortutako zirkuitua erabiliko dute horretarako, Ermura jaisteko.

Ermuan Santixauak direla eta, hainbat ekimen egongo dira asteburuan zehar eta kirolak ere izango du tartea egitarauan. Horrela, larunbatean, Downhill probako entrenamenduen aurretik, ‘Urkora 69tan ezetz!’ igoera egingo da eta, 14:00etatik 18:00etara, aipatutako entrenamenduen txanda izango da. “6-8 jaitsiera egingo dira eta erremonteak erabiliko dituzte igotzeko”, diote antolatzaileek.

Lasterketa nagusia igandean jokatuko da. 10:00etan, berotzeko eta lasterkari bakoitzak zirkuituan zirkuituan aldaketarik egon den ikusteko jaitsierak egingo dira, eta ondoren sailkapen-txanda jokatuko da, 1 Formulan egiten den antzera, irteera-ordena zehazteko. Amaitzeko, 12:00etan txanda erabakigarria jokatuko da.

Maldan behera hainbat bizikleta ibiliko direnez, mendizaleak adi ibiltzeko abisua eman dute antolatzaileek. Horrela, egun eta ordu horietan Urkora ez igotzea gomendatzen dute.