Eibar Igerixanek maila handia erakutsi du Gipuzkoako ‘Nada de Nada SKINS’ txapelketan

‘Skins’ formatu bereziak ikusgarritasuna eta emozioa eman zion lehiaketari
Eibar Igerixanek maila handia erakutsi du Gipuzkoako ‘Nada de Nada SKINS’ txapelketan
Ander Izaguirre eta Paula Calvo podiumera igo ziren.
2026/05/13 10:02
Ekhi Belar Errasti

Asteburu bikaina osatu dute Eibar Igerixan taldeko igerilariek Paco Yoldi kiroldegian jokatutako Gipuzkoako ‘Nada de Nada SKINS’ Udaberriko Sarian. Eibarko taldearen ordezkaritza Paula Calvo, Itsaso Castrillo, Izaro Oneka, Jone Avellaned, Anes Mokaddem, Issam Mokaddem, Iker Calvo eta Ander Izaguirrek osatu zuten. Guztiek maila handiko jarduna egin zuten, finaletara eta podiumetara iritsiz hainbat probatan.

Txapelketako unerik ikusgarrienetakoak ‘Skins’ finalak izan ziren. Formatu berezi horretan, zortzi igerilarik hasten dute lehia, eta kanporaketa bakoitzean onenek soilik egiten dute aurrera, azken txandan buruz buruko final zirraragarria jokatu arte. Uretako xake azkar moduko bat, baina kronometroa eta eztanda muskularrak pieza nagusi direla.

Formatu horretan, Paula Calvo elgoibartarra izan zen protagonista nagusietako bat. Garaipena eskuratu zuen 50 metro libreko finalean, eta bigarren postua lortu zuen 50 bizkar proban. Horrez gain, nagusi izan zen 400 eta 200 libre probetan ere, asteburu biribila osatuz.

Bestalde, Ander Izaguirrek ere erakustaldi bikaina eman zuen. 100 libre proban garaile izan zen, eta 50 libre zein 50 tximeleta probetako finaletara sailkatzea lortu zuen, bere sasoi ona berretsiz.

Emaitza aipagarria eskuratu zuen baita Itsaso Castrillok ere, 200 bizkar proban bigarren postua lortuta.

Lehiaketek ez dute etenik izango Eibar Igerixanentzat. Datorren maiatzaren 17an, Zumaian jokatuko den Gipuzkoako “Igerilari Osoa” txapelketan parte hartuko dute Ariane Valenciaga, Noa Amesti, Aiora Vega eta Mohamed Mokadem igerilariek.