Eibarko Coliseo Antzokia, etxebizitza politiken eztabaidaren gune
Etxebizitza izan da ardatz astelehen honetan, ekainaren 1ean, Eibarko Coliseo Antzokian. Bertan egin dira Etxebizitzaren Aldeko Itun Sozialaren jarraipen-saioa eta Euskadiko Hirigintza eta Etxebizitza Foroaren hirugarren bilkura.
Eusko Jaurlaritzak bultzatutako topaketan erakundeetako ordezkariak, teknikariak eta sektoreko eragileak elkartu dira, etxebizitza politiken egungo egoera eta etorkizuneko erronkak aztertzeko.
Besteak beste, birgaitzea, hiri-berroneratzea eta Lurzoruaren Lege berria izan dira hizpide. Halaber, etxebizitza eskuragarriagoa egiteko helburu nagusiak ere berrikusi dira, tartean alokairu babestuko etxebizitzen parkea handitzea.
Aurreikuspenen arabera, 2036rako 26.000 etxebizitza ingurutik 50.000ra igoko litzateke alokairu babestua, eta etxebizitza babestuen parke orokorra ere nabarmen handitzea aurreikusten da. Halaber, 2021eko 74.549 etxebizitzetatik 2036rako 116.549ra igotzea aurreikusten da parke osoari dagokionez.
Horretarako, lehendik dagoen etxebizitza-parkea birgaitzea eta hiri-berroneratzea izango dira ildo nagusietako batzuk.
Etxebizitza erronka baita Eibarren ere
Irekiera instituzionalean, Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu du etxebizitza eskuratzea dela “datorren hamarkadarako hiri gisa dugun erronka estrategikorik garrantzitsuena”. Haren esanetan, erabaki tekniko bakoitzaren atzean pertsonen bizi-proiektuak daude, eta horrek administrazioen arteko lankidetza funtsezko bihurtzen du.
Iraolak Eusko Jaurlaritzarekin izandako elkarlana nabarmendu du, eta adierazi du “administrazioen arteko koordinazioa funtsezkoa da benetako emaitzak lortzeko”.