Ermuko EH Bilduk Zaldibarko zabortegian kontrol-neurriak indartzea eskatu du

Koalizioak PSE-EEri egotzi dio ez babestea kontrola, gardentasuna eta jarraipena indartzeko mozio bateratua.
Ermuko EH Bilduk Zaldibarko zabortegian kontrol-neurriak indartzea eskatu du
2026/07/10 14:14
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ermuko EH Bilduk Zaldibarko zabortegiaren inguruko kontrol- eta segurtasun-neurriak indartzeko eskatu du, eta kritikatu du PSE-EEk helburu hori zuen mozio bateratu bat babestu ez izana. Koalizioaren esanetan, inguruko udalerriek oraindik ere 2020an Verter Recycling zabortegia erori ondorengo ondorioak pairatzen dituzte.

EH Bilduk gogorarazi du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak 2025eko irailean egindako ikuskapenean instalazioan 29 gabezia larri atzeman zituela. Horren aurrean, "onartezintzat" jo du erakundeek behar bezain irmo ez jardutea, are gehiago zabortegia kudeatzen zuen enpresa likidazio-prozesuan dagoenean eta, haren arabera, bere betebeharrak bete gabe jarraitzen duenean.

Egoera horren aurrean, koalizioak hainbat neurri proposatu ditu. Besteak beste, Eusko Jaurlaritzari eskatzea detektatutako 29 gabeziak subsidiarioki konpon ditzala, airearen eta uraren kalitatearen aldizkako kontrolak egitea URA agentziarekin koordinatuta eta ikuskapenen nahiz txosten teknikoen emaitzak kaltetutako udalei helaraztea. Halaber, herritarrei informazioa emateko bilera irekiak antolatzea ere planteatu du.

EH Bilduk uste du arazoaren larritasunak erakundeen arteko erantzun bateratua eskatzen duela, eta, horregatik, deitoratu egin du PSE-EErekin akordiorik lortu ez izana. Hala ere, adierazi du kontrol-neurriak indartzeko eta Zaldibarren bezalako hondamendi bat berriro gerta ez dadin lanean jarraituko duela.