Ermuko Saihesbidea plataformak berriz ere mobilizazioa egin du atzerapenak salatzeko

Ermuko Saihesbidea plataformak berriz ere mobilizazioa egin du atzerapenak salatzeko
2026/06/29 11:52
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ermuko “Ermuko Saihesbidea – ‘Variante ya!’” herritar plataformak berriz ere mobilizazioa egin du barixaku eguerdian herrigunean, saihesbidearen proiektuaren etengabeko atzerapenak salatzeko eta erakundeei egutegi argia eskatzeko.

Protesta sinboliko gisa, Zubiaurre kalean trafikoa eten dute une batez. Ekintza horren bidez, herritarren nekea agerian jarri nahi izan dute, egunerokoan jasaten duten zarata, kutsadura eta segurtasun arazoengatik, bereziki herrigunea zeharkatzen duten kamioi astunen etengabeko joan-etorrien ondorioz.

Plataformako kideek nabarmendu dute une horretako eragozpen puntualak ez direla inola ere alderagarriak Ermuan urte luzez pairatzen duten egoerarekin.

Bederatzi hilabeteko atzerapena

Herritarren artean haserrea sortu duen gai nagusietako bat trafiko astuna mugatzeko neurrien egoera da. Bozeramaileek gogorarazi dute Ermuko Udalak duela bederatzi hilabete onartu zituela murrizketa horiek, baina salatu dute oraindik ez direla indarrean jarri.

Haien esanetan, seinaleztapena duela egun gutxi hasi da jartzen, eta neurriak ezartzea protestaren deialdiaren ondoren soilik bizkortu da. “Neurriak aspaldi hartuta egon arren, ez dira gauzatu”, adierazi dute, eta herritarren presioak bakarrik bultzatu duela prozesua aurrera.

Plataformak azpimarratu du, halaber, murrizketa horiek “duela urte batzuk” onartu zitezkeela, eta azken erabakia herritarren etengabeko insistentziarekin eta agendan egindako presioarekin bakarrik iritsi dela.

Horregatik, administrazioei eskatu diete behingoz ‘hitzetatik ekintzetara’ pasatzeko, epe zehatzak jarri eta egutegi argi bat ezartzeko, horrela herriko trafikoa konpondu eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko