Ermuko saihesbidearen lehen faseko lanak azaroan hasiko dira, baina bigarrenaren epeak zehaztu gabe daude
Ermuko mendebaldeko saihesbidearen lehen faseko lanak azaroaren hasieran hasiko dira, Bizkaiko Foru Aldundiak jakinarazi duenez. Urtia inguruko obrek 36 hilabeteko iraupena izango dute, eta 21,1 milioi euro inguruko aurrekontua dute. Bigarren faseko obrak, Mallumendikoak, noiz hasiko eta amaituko diren, ordea, oraindik ez dute zehaztu.
Carlos Alzaga Azpiegituretarako eta Lurralde Garapenerako foru diputatuak asteartean, hilak 13, eman ditu azalpenak Bizkaiko Batzar Nagusietako batzorde batean, EH Bilduren galderei erantzunez. Haren arabera, bigarren faseko proiektua eguneratzeko lanek ez dute lehen faseko obren hasiera atzeratuko.
Bigarren faseko proiektua 2012koa da, eta egungo araudira eta ingurumen-ebaluazioaren eskakizunetara egokitu behar izan dute. Horrez gain, hirigintza-plangintza osagarria eta Urtia inguruko ingurumen-baldintzak ere kontuan hartu behar izan dituzte. Aldaketek 261.208,75 euroko kostu gehigarria eta 24 hilabeteko luzapena ekarri dituzte proiektua idazteko kontratuan.
Aldundiaren aurreikuspenen arabera, bigarren faseko behin betiko informazio-azterlana 2027ko abendurako amaituko dute, eta eraikuntza-proiektua 2029ko uztailean prest egongo da. Ondoren, obra lizitatu beharko dute. Alzagak, ordea, aitortu du oraindik ez dakitela zenbat iraungo duten bigarren faseko lanek.
Trafiko astuna herrigunetik ateratzeko
Lehen fasea N-634 errepide zaharrean hasi eta BI-3302 errepideko Urtia biribilgunean amaituko da. Gainera, Izarrako biribilgunea eraikiko dute, bigarren fasearekiko lotura prest uzteko.
Mallumendiko bigarren faseak saihesbidearen ibilbidea osatuko du, eta Goitondoko industrialdera doazen kamioiek Ermuko herrigunea zeharkatu behar izatea saihestuko du. Hala ere, fase horretako obren egutegia zehazteko dago oraindik.