Ertzaintzak barne-ikerketa abiatu du Ermuan adingabe batek ustez jasandako erasoa argitzeko

Eibarko ertzain-etxeak gertatutakoaren berri eman ondoren, Barne Arazoetarako Buruzagitzak ikerketa hasi du.
Ertzaintzak barne-ikerketa abiatu du Ermuan adingabe batek ustez jasandako erasoa argitzeko
2026/07/08 09:03
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Ertzaintzak barne-ikerketa abiatu du Ermuan adingabe batek ustez jasandako eraso bat argitzeko. Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, Eibarko ertzain-etxeak gertatutakoaren berri eman zion Ertzaintzaren Barne Arazoetarako Buruzagitzari, eta hark ikerketa hasi du zer gertatu zen argitzeko.

Gertakaria uztailaren 5ean izan zen. Ertzaintzaren arabera, agenteek patinete elektrikoan kontrako noranzkoan zihoan adingabe bat ikusi zuten eta gelditzeko agindu zioten, identifikatzeko. Bertsio ofizialaren arabera, gazteak ez zuen agindua bete, eta agenteek geldiarazi zutenean gertatu zen ustezko erasoa.

Horrez gain, Ertzaintzak espedientea ireki zion adingabeari Herritarren Segurtasunerako Legea urratzeagatik, desobedientzia egotzita. Era berean, trafiko-salaketa ere jarri zioten, kontrako noranzkoan zirkulatzeagatik.

Geroago, adingabearen senideak Eibarko ertzain-etxera joan ziren gazteak kontatutakoaren berri ematera. Operazio-buruak salaketa aurkezteko aukera eskaini zien arren, azkenean ez zuten salaketarik jarri. Hala ere, Barne Arazoetarako Buruzagitzak ofizioz abiatu du ikerketa, gertatutakoa argitzeko.