Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere bat egingo du biharko deituta dagoen Greba Orokorrarekin
Bihar (martxoak 17, martitzena) ELA, LAB, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek deitutako greba orokorra izango da Hego Euskal Herrian (Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan). 1.750 enpresa-batzordek baino gehiagok eta administrazio publikoko hainbat sektoretako langileen batzarrek babesten dute greba, baita Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ere.
Gipuzkoako pentsiodunek gaurko komunikatuan gogoratu dutenez, “greba orokor honen helburu nagusia 1.500 euroko Gutxieneko Soldata Propioa (14 ordainsari) eskatzea da, nahiz eta egun horretako mobilizazioetan bestelako aldarrikapen sozialek ere presentzia izango duten. Eta greba orokor hau Confebask (EAEn) eta CEN (Nafarroan) patronalek gutxieneko soldata propio hori negoziatzeari uko egin eta erantzun indartsu bat emateko beharragatik ez ezik, Gasteiz eta Iruñeko parlamentu eta gobernuen jarreragatik ere egingo da, aldarrikapen hori onartzeari uko egiten diotelako eta patronalak babestu edo haiekin bat egiten dutelako”.
Nabarmendu dutenez, 1.500 euroko gutxieneko soldata hori lortzeak 305.000 pertsonari eragingo lieke, “hilean kopuru horretatik beherako soldata duten pertsonei, alegia. Soldata eta lan prekarietate handiena pairatzen duten pertsonak lirateke, tartean emakumeak, migratzaileak eta gazteak. Hori lortzeak aurrerapen handia ekarriko lieke gizarte-sektore horiei, batez ere, horien artean oso nagusi diren eta soldata-arrakala jasaten duten emakumeei, hain zuzen, arrakala horrek haien baldintza materialak eta sozialak oso zorrotz baldintzatzen baititu duintasun jakin batekin bizi ahal izateko.
Soldatak hobetzea da gure pentsioentzako bermerik onena. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak greba orokor honi babes aktiboa emateko konpromisoa hartu du, joan den astelehenean elkarretaratzea egin genuen plaza guztietan publiko egin zen manifestuan azaldu genuen bezala”.
Gipuzkoan, manifestazioak egingo dira Donostian, Pio XII.a Plazan, eta Eibarren, Untzaga plazan; biak 12:30ean. Eibarrera Debagoieneko eta Debabarreneko pentsiodunak joango dira. Donostiaren kasuan, pentsiodunak Koldo Mitxelena Kulturunean bilduko dira, eta Urbieta kaletik sartuko dira Pio XII.aren Plazatik abiatuko den manifestazioan. Arratsaldean ere manifestazioak eta bestelako ekimenak daude aurreikusita, hiriburuetan ez ezik, beste hainbat herritan ere, non greba babesten duten kolektibo sozialek euren aldarrikapenak plazaratuko dituzten.