Euskararen Baloia ekimenaren beste edizio bat abiatu du SD Eibar Fundazioak
SD Eibar Fundazioak bultzatutako Euskararen Baloia ekimenaren edizio berria martxan jarri dute. Jardueraren helburua Debabarreneko eta inguruko ikastetxeetako ikasleen artean euskararen erabilera sustatzea da, kirola eta hezkuntza uztartuz.
Lehen jardunaldian, ehun ikasle baino gehiago elkartu dira Ipuruan, eta klubaren instalazioak ezagutzeko aukera izan dute: aldagelak, prentsa aretoa, aulkiak eta berdegunea bisitatu dituzte, besteak beste. Gainera, lehen emakumezkoen eta gizonezkoen taldeen entrenamendua gertutik ikusi ahal izan dute, egun berezi bat biziz euren idoloekin.
Ekimenaren ardatza Euskararen Baloia izeneko istorioa da. Kondairak dioenez, 1899an Eibarko auzotarrek baloi bat enkargatu zioten Andrés Gorosabel fabrikatzaileari, baldintza batekin: herriko umeek euskaraz jokatu behar zuten harekin. Gaur egun, klubeko jokalari eta entrenatzaileek kontatzen diete istorio hori parte hartzen duten ikasleei.
Ekimenarekin lotuta, ikastetxeek lehiaketa batean ere parte hartu ahal izango dute. ‘Euskara eta kirola’ gaia oinarri hartuta, bideo formatuko lan artistiko bat aurkeztu beharko dute, hala nola antzerkia, abestia, dantza edo ipuin kontaketa. Epaimahai batek lanik onenak sarituko ditu, eta aukeratutako bi ikastetxeek bisita berezia egingo dute Areitioko kirol-hirira, beste hainbat oparirekin batera.