Gaurtik martxoaren 12ra arte egingo da Zaporeak Debabarrena janari-bilketa
Gaur, martxoak 9, hasi da Zaporeak elkarteak sustatutako Zaporeak Debabarrena erronka solidarioaren janari-bilketa Debabarreneko herri guztietan.
Janaria eta dohaintza ekonomikoak martxoaren 12ra arte jaso eta biltzeko aukera izango da. Bildutako elikagaiak Lesbosen (Grezia) dauden errefuxiatu-kanpalekuetara bidaliko dituzte, egunero 2.300 otordu inguru prestatzen jarraitzeko.
Herriko elikagaiak herri bakoitzean jasoko dira:
-
Eibar: pardina-dilistak
-
Elgoibar: garbantzu pedrosillanoak
-
Mallabia eta Mendaro: hodi erako makarroiak
-
Ermua, Deba eta Soraluze: arroz luzea
-
Mutriku: arrain-kontserbak
Eibarren, bilketa ikastetxe guztietan, jubilatuen zentroetan, Torrekuako Garagunean eta …eta kitto! Euskara Elkartean egingo da, besteak beste.
Erronka solidarioarekin bat egiteko, rifak ere saltzen ari dira boluntarioek eta lagunek. Amaieran egingo duten zozketan Eibar eta inguruko artisten lanak, baita ekimenarekin bat egin duten jatetxeetan afariak ere irabazteko aukera izango da. Rifek eta dohaintza ekonomikoek, kanpaina burutzeko logistika- eta garraio-gastuak ordaintzen lagunduko dute. Dohaintza egiteko kontu korrontea: ES53 2100 2724 8101 0066 3988.
Aurten erronkaren helburua 25.000 kilo elikagai biltzea da, aurreko urteetan bildutakoa gaindituz. Kopuru horri esker, hilabete inguruan bermatuko lirateke otorduak Greziako kanpalekuetan.
Erronkari amaiera emateko, tuper solidarioa egingo da martxoaren 14an, Errebal Plazan, 12:30etik 15:00etara. Menua oilaskoa arrozarekin eta fruta ale bat izango da, 5 euroan. Gainera, artelanak eta afariak zozketatuko dituzte, eta Eibarko talde ezberdinen emanaldiak izango dira: Kaleetan Kantuz, Untzaga Gizarte Etxeko Abesbatza eta Kubantzari.