Gazte Topagune Sozialista aurkezteko hainbat hitzordu egingo dituzte Debabarrenean

Ermuan, Deban, Elgoibarren, Soraluzen eta Eibarren egingo dituzte aurkezpenak datozen asteetan. Gazte Topagune Sozialistaren seigarren edizioa urriaren 9tik 12ra izango da Elizondon.
Gazte Topagune Sozialista aurkezteko hainbat hitzordu egingo dituzte Debabarrenean
2026/09/18 11:12
Silbia Hernandez Arrazola

Hilabete baino gutxiago falta da 2026ko Gazte Topagune Sozialistarako. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS) eta Ikasle Antolakunde Sozialistak (IAS) antolatuta, urriaren 9tik 12ra egingo dute aurtengo edizioa Elizondon (Nafarroa), Dagoena onartu ala borrokara batu lelopean. Seigarren edizioa izango da aurtengoa. 

Topagunearen aurretik, Euskal Herriko hainbat herritan ari dira ekimena aurkezten, eta Debabarrenean ere hainbat hitzordu antolatu dituzte datozen asteetarako. 

Lehenengo aurkezpenak gaur (barixakua, irailak 18) izango dira. Ermuan, 18:00etan, Eskilarapekon egingo dute aurkezpena; bihar (zapatua, irailak 19), Eskilarapeko ere zabalik egongo da. Eta, Deban ere, gaur (barixakua, irailak 18) egingo dute hitzordua, 18:30ean, Gaztetxean. 

Hurrengo astean, irailaren 25ean, beste bi aurkezpen egingo dituzte: Soraluzen, 18:00etan, Gaztetxean, eta Elgoibarren, 19:00etan, Gaztetxean. Azkenik, Eibarren urriaren 2an aurkeztuko dute Topagunea 18:00etan Kultun. 

Lau eguneko egitaraua prestatu dute Elizondon. Hitzaldiek izango dute pisu nagusietako bat, eta hainbat gai politiko eta sozial izango dituzte hizpide; besteak beste, faxismoa eta estatuen autoritarismoa, etxebizitza, nazio-auzia, makroproiektuak, artea eta sozialismoa edota emakume langileen borroka. Horrez gain, aisialdirako eskaintza ere izango da, kirol-ikuskizunekin, umorearekin, antzerkiarekin eta musika-emanaldi ugarirekin.