Gipuzkoako hainbat adineko egoitzatan greba deitu du gaur eta bihar ELAk
ELA sindikatuak greba eta mobilizazioak deitu ditu gaur, uztailaren 9an, eta bihar, uztailaren 10ean, Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileen artean. Sindikatuak %100eko lan-kontratuak bermatzea, soldata-arrakala ezabatzea, lan-kargak arintzea eta plantillak handitzea eskatzen ditu, besteak beste.
ELAk azaldu duenez, azken negoziazio-mahaian patronalak ez zuen proposamen berririk aurkeztu. Horren aurrean, sindikatuak adierazi du ez duela beste mugimendurik egingo patronalaren aldetik eskaintza berri bat jaso arte.
Bestalde, sindikatua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere bildu da, eta nabarmendu du erakunde horri dagokiola orain patronalaren eta langileen ordezkarien arteko elkarrizketa sustatzea edo, gutxienez, «interlokuzio bat» bermatzea, «hitzarmena benetan negoziatu ahal izateko eta bertan beharrezko edukiak jasotzeko».
ELAk ohartarazi du aurrerapausorik ezean mobilizazioekin jarraituko duela. Gaur manifestazioa egingo dute Donostian, 10:30ean Bulebarretik abiatuta; bihar, berriz, Ordizian mobilizatuko dira, 11:00etan udaletxe aurretik hasita.