Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa Debabarrenera iritsi da
Abian da Bertsozale Elkarteak antolatzen duen Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketa, eta Debabarrenak lau talde izango ditu lehian: Mutrikuko Alkolea eta Arnoate, Soraluzeko BertSora eta Eibarko Xarmaginak. Guztira 57 taldek parte hartzen dute aurtengo edizioan.
Eskualdeko lehen kanporaketa otsailaren 20an jokatuko dute Soraluzen, bigarrena otsailaren 27an Eibarren, eta Debabarreneko finala martxoaren 14an izango da, Mutrikuko Gaztetxean. Kanporaketa horietan erabakiko da zein taldek ordezkatuko duen eskualdea hurrengo fasetan.
Txapelketa taldekakoa da eta auzolanean antolatzen dute Gipuzkoako bertso mugimenduko kideek. Aurtengoa hirugarren edizioa da, eta helburu nagusia bertsoaz gozatzea da, lehia eta jolasa uztartuta, bertso eskolen arteko saretzea eta plaza handietatik kanpo kantatzeko aukerak sustatuz.
Guztira, 350 lagun inguruk parte hartuko dute txapelketan, horietatik 22 Debabarrenean. Belaunaldiartekotasuna eta emakume zein genero disidenteen parte-hartzea ere nabarmendu dituzte antolatzaileek.
Eskualdean ondorengo lau talde hauek arituko dira lehian:
EIBAR:
- Xarmaginak: Irune Basagoiti, Araitz Katarain eta Jokin Bergara bertsolariak. Gai-jartzailea: Maialen Bergara. Epailea: Peru Alberdi.
SORALUZE:
- BertSonra: Gaizka Azkarate, Arrate Gisasola, Amaia Palazuelos, Josune Aramendi eta Eneko Beretxinaga bertsolariak. Gai-jartzailea: Martin Azkarate. Epailea: Amaia Argarate.
MUTRIKU:
- Alkolea: Iñigo Arrizabalaga, Peru Vidal eta Malen Aldalur bertsolariak. Gai-jartzailea: Unai Belaustegi. Epailea: Udane Mugerza.
- Arnoate: Xabi Astigarraga, Alexander Idoeta, Bihotz Basterretxea eta Antton Aizpurua bertsolariak. Gai-jartzailea: Olatz Basterretxea. Epailea: Abel Irizar.
Kanporaketak:
- Lehen kanporaketa otsailaren 20an jokatuko da Soraluzen, Gaztetxean, 19:30ean; Xarmaginak eta Arnoate taldeak ariko dira kantuan.
- Bigarren kanporaketa otsailaren 27an izango da Eibarren, Deporren, 19:30ean, BertSora eta Alkolea taldeen arteko saioarekin.
- Debabarreneko finala martxoaren 14an jokatuko dute Mutrikuko Gaztetxean, 20:00etan.
Txapelketari buruzko informazio osoa Bertsozale Elkartearen webgunean eta sare sozialetan dago eskuragarri.