Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa jokatuko da gaur Mendaron
Atzo prologoa jokatu ondoren, junior mailako Gipuzkoako Itzuliko lehen etapa jokatuko da gaur, Mendaron hasi eta amaituta. 15:12ean ekingo zaio lasterketari eta, Maltzagatik pasa ondoren, Soraluzera joko du. Bergaratik igaroko da ondoren, berriz buelta eman eta Maltzagatik Elgoibarrerako bidea hartzeko, eta berriz atzera Bergarara bidea egiteko. Ondoren, azkenengo aldiz hartuko du Maltzagarainoko bidea eta, Mendaro zeharkatu ondoren, Kalbario igo (2. mailako mendatea), Mutrikura jaitsi eta Arribinieta igoko dute (2. mailako mendatea), Mendaroko helmuga zeharkatu aurretik. Horrela, lasterketa 17:42 eta 17:58 artean amaitzea espero da.
Maila handiko txirrindularitza lasterketa da Gipuzkoako Itzulia eta, hori berresteko, palmaresa ikustea besterik ez dago. Hor agertzen dira Haimar Zubeldia, Markel Irizar, Gorka Izagirre, Oier Lazkano eta Igor Arrieta bezalako txirrindulari konsagratuak, eta baita etorkizunean zeresana emango duten Hector Alvarez, Hugo Aznar eta Eñaut Urkaregi, besteak beste.