Hiru Txikiak mendi-lasterketa jokatuko da larunbatean

Urko, Oiz eta Egoarbitza izango dira protagonista Ermuan hasi eta amaitzen den proban
Hiru Txikiak mendi-lasterketa jokatuko da larunbatean
Argazkia: Mikel Madarieta (Hiru Txikiak)
2026/09/14 14:30
Ekhi Belar Errasti

Larunbatean, irailak 19, Hiru Txikiak mendi-lasterketaren 5. edizioa jokatuko da Ermuan, Artarrai mendi taldeak antolatuta. Proba nahiko gaztea izan arren, demaseko arrakasta izan du aurreko edizioetan eta aurtengoan ere jendetza espero da bertan, bai parte hartzen bai animatzen. Horren adibide garbia da izen-emateen kasua: 90 minututan amaitu ziren lasterketa ofizialean parte hartzeko plaza guztiak.

Esan bezala, proba Ermuan hasi eta amaituko da, eta lau ibilbide egiteko aukera egongo da. Proba nagusia 42 kilometroko lasterketa izango da, 2.100 metroko desnibel positiboarekin, eta bidean Urko, Oiz eta Egoarbitza igo beharko dituzte. Proba bi modutara egin daiteke: trail kronometratua edo martxa ez lehiakorra.

Bigarren aukera 27 kilometroko trail proba izango da. Bertan, parte-hartzaileek Urko igo beharko dute eta, Oiz ingurura gerturatu ondoren, Aixolako urtegira iritsi eta handik Ermura joko dute. Ibilbide honen desnibel positiboa 1.500 metrokoa izango da.

Hirugarren aukera gazteei zuzenduta egongo da. Lasterketa hau Aixolako presan hasi eta Ermuan amaituko da. 12 kilometroko proba izango da, 600 metroko desnibel positiboarekin.

Txiki-traila, bere aldetik, Ermuko irteeran hasiko da eta txikien inskripzioen araberakoa izango da.