Ikasten elkarteak eta Debabarreneko Esperientzia Eskolak Torrekuan hasiko dute kurtso berria

Gaur goizean aurkeztu dute Ikasten elkartearen bulego berria, Torrekuan egindako prentsaurrekoan. Horrekin batera, Debabarreneko Esperientzia Eskolako ikasleek 2026/27 ikasturtean klaseetarako erabiliko duten gela berria erakutsi dute.
Ikasten elkarteak eta Debabarreneko Esperientzia Eskolak Torrekuan hasiko dute kurtso berria
2026/09/15 12:35
Silbia Hernandez Arrazola

Jon Iraola alkateak, Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziak, Mertxe Arriola Ikasten  elkarteko presidentak eta Eva Perez de Albeniz Debabarreneko Esperientzia Eskolako koordinatzaileak egin dute Torrekuako eraikinean dauden instalazioen aurkezpena. 

Mertxe Arriolak eskerrak eman dizkie alkateari eta Eibarko Udalari, “Ikasten elkarteari eskaintzen dioten babesarengatik, baita lokala lagatzeagatik ere. Guretzat oso garrantzitsua da Ikasten elkartearen bulegoa eta Esperientzia Eskola toki berean egotea, horrek hobeto lan egitea ahalbidetuko digulako”.

Ikasten elkarteak askotariko jarduerak antolatzen ditu: hitzaldiak, mendi ibilaldiak, luzaketak, puntua eta joskintza, Kaleetan Kantuz, antzerkia, Berriketan Ikasi eztabaida-taldea, Marea Gora hitzaldi zikloa, Agurtzen informazio-zerbitzua, Elikagaien Bankuaren janari-bilketarako laguntza… Saio guztiak irekiak eta dohainik izaten dira, nahi duten guztientzat.

Horrekin batera, Ikasten-ek Debabarreneko Esperientzia Eskola ere antolatzen du. Adierazi dutenez, ikasturte berriari ilusioz ekingo diote: “Orain dela urte asko abiatu zen proiektua izan arren, oraindik ere interes handia pizten du. Parte hartzen dutenen aldetik oso harrera ona izaten du beti”. 

Debabarreneko Esperientzia Eskola
Ikasten Elkarteak antolatzen duen Debabarreneko Esperientzia Eskolak 22. edizioa beteko du ikasturte honetan. Antolatzaileek gogora ekarri dutenez, 55 urtetik gorako pertsonei zuzendua dago, eta klaseetan formazioa eta parte-hartzea uztartuko dituzte.

Urriaren 23an hasiko dira klaseak, eta astean hiru egunetan, martitzen, eguazten eta eguenetan emango dituzte, goizez.

Matrikula egiteko epea zabalik dago, urriaren 15era arte, eta Pegora herritarren arretarako bulegoan egin daiteke. Informazio gehiago nahi izanez gero, 695 788 936 telefono zenbakira deitu daiteke.