Irailaren 18an amaituko da Debabarreneko Aisialdiko Begirale ikastaroan izena emateko epea

Ikastaroa euskaraz egingo da, eta amaitzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.
Irailaren 18an amaituko da Debabarreneko Aisialdiko Begirale ikastaroan izena emateko epea
2026/09/02 13:33
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Zabalik dago Debabarreneko Aisialdiko Begirale ikastaroan izena emateko epea. Irailaren 18ra arte eman ahal izango da izena, eta ikastaroa euskaraz egingo da.

Parte hartzeko, 18 urte izan beharko dituzte ikasleek atal teorikoa amaitzerako, hau da, 2027ko ekainaren 30erako. Ikastaroa amaitzen dutenek Eusko Jaurlaritzak homologatutako Haur eta Gazteen Aisialdirako Begirale titulu ofiziala eskuratuko dute.

Atal teorikoa 150 ordukoa izango da eta urritik maiatzera egingo da. Edukiak modu praktikoan landuko dituzte, eta asteburu osoko hiru irteera ere egingo dituzte. Atal teorikoa amaitu ondoren, bi tutoretza saio izango dituzte.

Horrez gain, 160 orduko praktikak egin beharko dituzte boluntario gisa. Larunbatetako saioak 9:30etik 18:30era izango dira, ordubete eta 15 minutuko bazkaltzeko tartearekin. Asteburu osoko hiru irteerak larunbateko 10:00etatik igandeko 15:00etara egingo dituzte.

Informazioa eta izen-ematea

  • Lekua: Debabarreneko bi herritan egingo da, izen-ematearen arabera.
  • Prezioa: 300 euro; Debabarrenean erroldatutakoek 150 euro ordainduko dute.
  • Izena emateko azken eguna: irailaren 18a.
  • Izen-ematea: labur.eus/debabarrenabegirale26
  • Informazio gehiago: 943 744 366.