Irekita dago HAZILAN+ programan izena emateko epea, kualifikazioa duten langabetuen laneratzea sustatzeko

Irekita dago HAZILAN+ programan izena emateko epea, kualifikazioa duten langabetuen laneratzea sustatzeko
2026/04/07 11:07
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Debabarreneko udalek eta Debegesak, Garapenekin lankidetzan, HAZILAN+ programa abiarazi dute, kualifikazio maila ertain edo altua izan arren lan-merkatuan sartzeko edo berriro sartzeko zailtasunak dituzten pertsonen enplegagarritasuna hobetzeko helburuarekin. Izena emateko epea zabalik dago jada, eta interesdunek apirilaren 30era arte izango dute aukera.

Ekimen hau Debabarrena eskualdeko langabeei zuzenduta dago, prestakuntza izan arren laneratzeko oztopoak dituztenei laguntza integrala eskaintzeko. Programak ibilbide osoa proposatzen du, orientazio pertsonalizatua, zeharkako zein gaitasun teknikoen garapena eta enpresetako praktikak uztartuz.

HAZILAN+ bereziki bideratuta dago lan-esperientziarik gabeko gazteei eta hainbat arrazoirengatik langabezian dauden helduei. Halaber, lehentasuna izango dute zaintza eta etxeko lanetan aritu ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeek, kolektibo horrek enplegua eskuratzeko zailtasun handiagoak izaten baititu.

Parte hartzeko, beharrezkoa da langabezian egotea, erdi-mailako, goi-mailako edo unibertsitateko titulazioa edukitzea eta Debabarreneko udalerriren batean erroldatuta egotea.

Bi ibilbide, profil ezberdinetara egokituta

Programak bi ibilbide eskaintzen ditu parte-hartzaileen beharretara egokitzeko. Alde batetik, 'Osatu' ibilbidea dago, lan-merkatuan eskatzen diren gaitasun pertsonal eta profesionalak lantzera bideratua, taldeko tailerren bidez. Prestakuntza fasea maiatzean hasiko da eta ekainean amaituko da; ondoren, enpresetako praktikak egingo dira.

Bestetik, 'Lorpen' ibilbidea dago, banakakoa eta laneratze zuzenera orientatua. Dagoeneko gaitasunak dituzten pertsonei edo Euskaditik kanpo egon eta itzultzea pentsatzen ari direnei zuzenduta dago, eta izen-ematea irekita dago dagoeneko.

Enpresen eta talentuaren arteko zubia

Programaren beste helburu nagusietako bat parte-hartzaileen gaitasunak euskal enpresen beharretara egokitzea da, bi aldeentzat onuragarria izango den lotura sortuz eta eskualdeko ehun ekonomikoa indartuz.

Debegesa izango da programaren kudeatzailea, eta informazio guztia zein izen-emate formularioa bere webgunean daude eskuragarri.

Euskadi mailako egitasmo zabala

HAZILAN+ programa Euskadiko 16 garapen-agentziaren bidez garatuko da, eta 1.400 pertsona baino gehiagori laguntzea aurreikusten da. Debabarrenaren kasuan, egitasmoa %40an kofinantzatzen du Europako Gizarte Funtsak, eta gainerako %60a eskualdeko udalek.

Programa hau aurreko HAZILAN egitasmoaren jarraipena da; 2016 eta 2024 artean garatu zen, eta 2.100 parte-hartzaile baino gehiago izan zituen.