Itzuliak Debabarrena zeharkatuko du azken bi etapetan

Itzuliak Debabarrena zeharkatuko du azken bi etapetan
2026/04/09 11:03
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Astelehenean, apirilak 6, Bilbon abiatu zen 2026ko Euskal Herriko Itzulia, eta gaur, osteguna (hilak 9), laugarren etapa jokatzen ari diren honetan, lasterketa azken txanpara iristen ari da. Guztira, sei etapatan banatutako 810 kilometro inguruko ibilbidea osatzen ari da, eta apirilaren 11n amaituko da, Bergaran.

Edizio honetan, Debabarrenak protagonismo berezia izango du, azken bi etapetan eskualdea zeharkatuko baitu lasterketak. Bosgarren etapa bihar jokatuko da, apirilak 10ean, Eibar-Eibar ibilbidearekin. Etapa 12:57 inguruan abiatuko da Untzaga plazatik, eta arratsaldean zehar hiru aldiz igaroko da Eibartik: lehenengoan 15:34 aldera, bigarrenean 16:30 inguruan eta, azkenik, 17:17 aldera iritsiko dira txirrindulariak helmugara. Jardunaldia gogorra izango da, 176 kilometro ingurukoa, eta Arrateko igoerak erabakigarriak izan daitezke sailkapen nagusian. Ibilbidean, gainera, Debabarreneko hainbat herri zeharkatuko dituzte, hala nola Mallabia, Ermua, Elgoibar, Mendaro, Deba, Itziar, Mutriku eta Eibar.

Seigarren eta azken etapa larunbatean jokatuko da, Goizper-Antzuolatik Bergarara. Egun horretan ere eskualdeak presentzia izango du: Elgoibartik 15:30ean eta 16:34an igaroko da lasterketa, eta Soraluzetik 15:38an eta 16:44an.

Urtero bezala, zale ugari espero dira Debabarreneko errepide bazterretan, txirrindulariak animatzeko. Horrez gain, udal ezberdinek trafikoan aldaketak eta neurri bereziak ezarriko dituzte, segurtasuna bermatzeko eta lasterketaren garapena errazteko.

Bestalde, lasterketa profesionalaz gain, igandean jokatuko da Itzulia Basque Challenge zikloturista martxa. Bergaran hasi eta bertan amaituko da, eta bi ibilbide eskainiko ditu: bata luzea, 133,8 kilometrokoa eta 3.000 metro baino gehiagoko desnibela duena; eta bestea motzagoa, 70 kilometro ingurukoa.