Izengabeak II lehiaketa egingo da gaur eta bihar Eibarren
Eibarko Udalak eta Eibarko Musikari Gazteen Elkarteak (AMJE) antolatuta, Izengabeak II Debabarreneko musika-taldeen lehiaketa egingo da gaur eta bihar Untzagan. Lehiaketaren helburua Debabarreneko musika-taldeen lana ezagutaraztea eta zuzeneko musika sustatzea da.
Eskualdeko zazpi talde igoko dira oholtzara bi egunetan: gaur, barixakua, hiru taldek joko dute 20:00etatik aurrera, eta bihar, zapatua, beste lau talderen txanda izango da, 19:00etatik aurrera.
Lehiaketaren bigarren edizioan lau sari banatuko dituzte. Lehenengo sailkatuak 2.000 euro eta Legarreko estudioan grabatzeko 50 ordu jasoko ditu; bigarrenak, berriz, 1.000 euro eta 50 ordu. Horrez gain, 500 euroko bi sari berezi emango dituzte: bata Eibarko talde onenari, eta bestea euskarazko kantu onenari. Irabazleak bihar, zapatua, lehiaketaren amaieran jakinaraziko dituzte.
Parte-hartzaileak
-
D34D0P3R4 (Deadopera)
David Karbaren proiektu musikala da D34D0P3R4, oraindik garapen-prozesuan dagoena. Aurretik, 2017tik 2024ra bitartean, bost EP kaleratu zituen Kvalvika proiektuarekin, elektronika, ambient eta synthpop estiloak landuta.
Oraingoan, ordea, beste bide bat jorratzen du Karbak: sampleak eta off-eko ahotsak erabiltzen ditu, zinema eta spoken word-a oinarri dituen proposamen musikala osatzeko.

-
Udaz and The Hollow Nights
Eibarko bost musikari gaztek osatzen dute Udaz and The Hollow Nights taldea, 17 urte ingurukoek. Taldearen proposamenean abesti propioak eta bertsioak uztartzen dituzte, indiearen sentsibilitatea eta egungo pop-rocka nahastuz.
Udazken Salaberria, Udaz izenez ezaguna, da taldearen burua eta interpretatzen dituzten abesti propioen konpositorea. Berarekin batera, Ibai Pérez, Luken Carrasco, Enrique Lili eta Xabier Lili aritzen dira taldean.
Musikari gisa hazten jarraitzea eta Eibarko musika-eszenan lekua egitea dute helburu, zuzenekoetan nortasun propioa eta energia erakutsiz.

-
Mise en Abyme
Mise en Abyme Eibarko rock/metal progresiboko talde instrumentala da, 2018an Ander Cenitagoyak, Aitor Suarezek eta Jon Zubiaurrek sortua. Urte hartan hiru demo grabatu zituzten, eta Bilboko Villa de Bilbao talde berrien lehiaketako finalerdietara iritsi ziren. Garai berean, beste bi abesti ere sortu zituzten, gero ‘Emergence’ taldearen lehen lana osatuko zutenak.
2019ko uztailean kaleratu zuten EP hori, autoproduzitua eta urte bereko hasieran grabatu eta nahastutakoa. Urte amaieran, Jon Zubiaurrek taldea utzi zuen arrazoi pertsonalengatik, eta, hilabete batzuk kide berri baten bila aritu ostean, Andoni Sudupe gitarra-jotzailea batu zitzaien 2020an.
Gaur egun, hurrengo diskoa prestatzen ari dira. 2024an lehen singlea grabatu zuten, eta 2025eko maiatzean argitaratu zuten; orain, lan berria osatuko duten gainerako abestiak prestatzen ari dira.

-
Milicia Folk
Milicia Folk Eibarren kokatutako folk musikako bikotea da, Benja Martín gitarra-jotzaile eta abeslariak eta Gorka Bocos kontrabaxu-jotzaile eta abeslariak osatua. Taldearen soinuan eragin handia du Ameriketako Apalatxeetako musikak, eta, bereziki, Maybelle Carterrek garatutako Carter Style gitarra-teknikak.
Bluegrass tradizionala eta garaikidea, Old Time-a, countrya eta 1950eko hamarkadako rock and rolla uztartzen dituzte. 2025ean hasi ziren elkarrekin jotzen, hasieran YouTuberako bideo batzuk grabatzeko asmoz, eta soinu akustiko eta anplifikatu gabekoaren aldeko apustua egin zuten.

-
Metal Gudariak
Metal Gudariak 14 eta 19 urte arteko sei musikarik osatutako taldea da, metalaren eta rockaren aldeko zaletasuna partekatzen duten gazteek sortua. Duela bi urte inguru hasi ziren elkarrekin jotzen, Eibarren ahaztuta geratzen ari diren musika-generoak, bereziki metala eta rocka, berriz ere indartzeko asmoz.
Taldea hiru gitarra-jotzailek, bateria-jotzaile batek, baxu-jotzaile batek eta abeslari batek osatzen dute: Noah Tagle, Paul Carrasco, German González, Jon Altuna, Luken Carrasco eta Aitor Sánchez.

-
Rythmachin
Rythmachin 2024an Eibarren sortutako sei musikariko taldea da, funk-a oinarri hartuta hainbat estilo uztartzen dituen proiektu musikala. Reggaearekin, swingarekin eta beste hainbat generorekin esperimentatzen dute, soinu propioa osatzeko.
Taldea Maitane Da Silvak (ahotsa), Oier Gurrutxagak (gitarra), Alex Martinezek (saxoa eta zeharkako flauta), Ekhi Vegasek (baxua), Gorka Jauregik (perkusioa) eta Ekaitz Vegasek (bateria) osatzen dute. Eibarko, Elgoibarko, Bilboko eta Bartzelonako kideak batzen dira taldean.

-
Judash
Judash Eibar eta Elgoibarko heavy, thrash eta metal taldeak Markel Iraolak, Hodei Otegik, Joseba Goñik eta Ekaitz Vegasek sortu zuten, hasieran Judas Argarate izenarekin. 2024an izena aldatu eta Legarreko estudioetan grabatu zuten lehen diskoa, Walter Tuzzeorekin. Nahasketa, berriz, Mutrikuko AME estudioan egin zuten, Axular Arizmendirekin.
2025ean, Mikel Urizar gitarra-jotzailea batu zitzaien, eta, haren etorrerarekin, taldeak soinu sendoagoa eta ideia berriak jaso zituen. Gaur egun, bost musikariak hurrengo diskoa prestatzen ari dira, abesti berriak sortzen eta grabaziorako materiala lantzen.

Egitaraua
Barixakua 18 (20:00etatik aurrera):
- D34D0P3R4 (Deadopera)
- Udaz and The Hollow Nights
- Mise en Abyme
Zapatua 19 (19:00etatik aurrera)
- Milicia Folk
- Metal-Gudariak
- Rythmachin
Judash