Javier Mellado “Enano”ri musikaz beteriko omenaldia egingo diote irailaren 5ean
Javier Mellado “Enano” ermuarrari omenaldia egingo diote datorren irailaren 5ean, bazkari eta kontzertu baten bidez. Lagun eta taldekide izandako 15 taldek hartuko dute parte ekitaldian, eta bakoitzak hiruzpalau abesti joko ditu. Kontzertuak 19:00etan hasi eta gauerdian amaituko da, Ermuko Cardenal Orbe plazan. Omenaldian Waah!, Makis 37, Norbac, Nemon, Spunkgiforms, Mosh-all & Ms, SIN, Ekinocio, GEM, Storbais, Kokein, Hilkor, Heavy Duty eta Jacintonesn taldeek joko dute, besteak beste.
Antolatzaileek azaldu dutenez, Mellado Punk-Rock talde askotan aritu zen, baina 'Eskarmiento' izan zen bere proiektu garrantzitsuena, anaiarekin batera osatu zuena.
Ermutarra izanda, Eibarko Musikari Gazteen Elkartearekin ere lotura estua izan zuen, eta ordu asko eman zituen Legarreko lokaletan, besteak beste, Walter Tuzzeo lagun minarekin. Biekin batera goitik behera berritu zuten grabaketa-estudioa, aurrekontu oso txikiarekin eta birziklatutako materialak erabiliz. Mellado, gainera, teknikari laguntzaile aritu zen hainbat talderen grabaketetan.
Apirilaren 22an hil zen Mellado, 49 urte zituela. Haren gertukoek diotenez, “ezagutu dugunontzako eredu bat izan da Javi arlo pertsonalean, osasun arazoei beti aurre eginez umoretik”. Horregatik, “betirako” horrela gogoratuko dutela adierazi dute.
Ekitaldia Beti-Txarto Ermuko Musikarien Elkarteak eta Ermuko Udalak antolatu dute.