Jokin Merino eta Ainara Torvisco Ermuko Boxeo Jaialdian arituko dira

Jaialdia Ermuko kiroldegian egingo da, 18:00, eta aurretiazko sarrerak agortu dira dagoeneko; leihatilan erosi ahal izango dira geratzen direnak.
Jokin Merino eta Ainara Torvisco Ermuko Boxeo Jaialdian arituko dira
2026/01/29 12:40
Ekhi Belar Errasti

Iazko arrakastari jarraituz, aurten ere boxeo jaialdia egingo dute Ermuan, Ixa Rodriguezek antolatuta. Bihar, 18:00etatik aurrera, hainbat borroka jasoko ditu M. A. Blanco Kiroldegiak, baina aurretik, 16:00etan, pisaketa egingo da Tribuna jatetxean.

Pisu ezberdinetako boxeolari amateur eta neoprofesionalek hartuko dute parte jaialdian, eta bi eibartar arituko dira bertan: Sorabox-eko Jokin Merino eta Ainara Torvisco. Merinok Oihan Goñi (Paso Atras Boxing Club) izango du arerio; eta Torviscok Nicole Alvarez (ILpuravida).

 

Sarrerak leihatilan

Jaialdirako sarrerak Ermuko tabernetan salgai egon dira azken asteetan. Ehundaka egon dira eskuragai, baina agortu egin dira. Dena dela, antolatzaileek estimatu dute 100 sarrera inguru geratzen direla libre oraindik eta zapatuan bertan leihatilan salduko dituzte 25 euroan.