Kristina Ruiz bere kategorian gailendu zen sprint modalitateko Mutrikuko Triatloian
Joan den larunbatean, maiatzak 30, sprint modalitateko Mutrikuko XII. Triatloia jokatu zen eta Eibar Triatloi Taldeko sei kidek hartu zuten parte bertan. 16:10ean hasi zen proba, “oso giro atseginean”, 20º-ko giro-tenperaturarekin eta uraren 18,7º-ko tenperaturarekin.
Atleta eibartarren artean Kristina Ruiz nabarmendu zen, V2F kategorian 1. postua lortuta 1:24:58 denborarekin (sailkapen orokorrean 8. izan zen). Ugaitz Gartziak ere gertu izan zuen garaipena bere kategorian, baina 2. izan zen JNM mailan eta 17. sailkapen orokorrean (1:06:27).
Jokin Amorrostak 1:08:33ko marka egin zuen eta 28. postuan sailkatu zen, 23 urtez azpiko kategorian seigarren izanik. Iñigo Gaston ermuarrak 1:18:08ko denborarekin amaitu zuen proba, sailkapen nagusiko 65. postuan eta 23 urtez azpikoetan hamaikagarren. Denbora bera egin zuen Roberto Gartziak ere, 77. postua lortuta eta V2 gizonezkoen kategorian bederatzigarren sailkatuta. Alberto Agirrek osatu zuen taldearen parte-hartzea, 1:42:42ko denborarekin; sailkapen nagusian 98. izan zen eta V3 kategorian bigarren postua eskuratu zuen.
Hurrengo egunean, igandean, Villafranca del Bierzon jokatu zen VII. Bierzo Triman proba ezagunean ere ordezkaritza izan zuen taldeak. Munduan UNESCOren Gizateriaren Ondare izendatutako bi gunetatik, Las Médulas eta Done Jakue bidetik, igarotzen den triatloi bakarra da. Parte-hartzaileek 1.400 metro igerian, 58,5 kilometro bizikletan eta 14,8 kilometro korrika egin behar izan zituzten.
Eibar Triatloi Taldearen izenean Jonatan Alustiza aritu zen eta emaitza txukuna eskuratu zuen. 3:35:23ko denborarekin helmugaratu zen, sailkapen nagusiko 47. postuan amaituz.