LABek azaroaren 11ko greba orokorra lantzeko asanblada egingo du gaur Eibarren

Debabarreneko herritarrei Arrate Kultur Elkartean 18:00etan egingo den bilerara joateko deia egin diete. Grebaren nondik norakoak azalduko dituzte bertan.
LABek azaroaren 11ko greba orokorra lantzeko asanblada egingo du gaur Eibarren
Argazkia: LAB sindikatua
2026/10/14 10:18
Irati Alvarez Malaxetxebarria

Azaroaren 11n Euskal Herrian egingo den greba orokorra lantzeko asanblada egingo du gaur, urriak 14, LAB sindikatuak Eibarren. Debabarreneko ezker independentismoko komunitateko kideei parte hartzeko deia egin die sindikatuak. Bilera 18:00etan izango da, Arrate Kultur Elkarteko lehen solairuan.

LABek jakinarazi duenez, asanbladan greba orokorraren testuingurua azalduko dute, baita deialdiaren planteamendua ere.

Azaroaren 11ko greba orokorra

Etxebizitza eskubidearen aldeko greba orokorra ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, Etxaldek eta Hiruk deitu dute, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sarearekin eta Etxebizitzaren Sindikatu Sozialistarekin batera. Deitzaileek etxebizitza eskubidea bermatzea, espekulazioari aurre egitea, langileen pobretzea etetea eta soldatak igotzea dituzte aldarrikapen nagusi.

«Etxebizitza eskubidea da. Negozioa eten!» lelopean, azaroaren 11ko grebara batzeko deia egin dute.

Bileran parte hartu nahi baina bertaratu ezin dutenek etxebizitza@lab.eus helbidera idatz dezakete.