M17ko grebak eragina izango du garraio publikoan
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikalak greba orokorra deitu du biharko, martxoaren 17rako, 1.500 euroko lanbide arteko gutxieneko soldata propioa ezartzearen alde. ELA, LAB, Steilas, ESK, Hiru eta Etxalde sindikatuek deialdia egin dute, “LGS (Lanbide arteko Gutxieneko Soldata) hemen erabaki” lemapean.
Grebaren eragina garraio publikoan ere nabarituko da. Euskotrenek adierazi du martxoaren 17an gutxieneko zerbitzuak (%30) bermatuko direla, eta honako zerbitzu funtsezkoetan eragingo du: trenbidea (Bizkaia eta Gipuzkoa), Metroa (Bilboko 3. linea), tranbiak (Bilbo eta Gasteiz), funikularrak (Larreineta eta Trapagaran) eta autobusak (Bizkaibus eta Lurraldebus zerbitzuetarako, baita trenbide/funikularraren zerbitzu osagarriak Zamudioko Parke Teknologikoa, Usansoloko Ospitalea eta Larreineta-Zugaztieta arteko loturetarako). Informazio gehiagorako, erabiltzaileek 944 33 33 33 telefono zenbakira deitu edo Euskotrenen webgunera jo dezakete.
Lurraldebusen kasuan, gutxieneko zerbitzuak bermatuko dira Debagoiena, Debabarrena, Urola Kosta, Goierrialdea, Oarsoaldea, Bidasoaldea, Urola Erdia eta Buruntzaldea eskualdeetan. Lurraldebusetako ordutegiak esteka honetan kontsulta daitezke.
Bizkaibusek ere grebari aurre egiteko gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu, eskualde hauetan: Ezkerraldea-Meatzaldea, Enkarterri, Txorierri-Mungialdea, Busturialdea-Lea Artibai, Nerbioi-Arratia-Durangaldea eta Uribe-Kosta-Ezkerraldea / UPV-EHU. Bizkaibuseko ordutegiak ikusteko, egin klik hemen.
Grebak sor ditzakeen aldaketen aurrean, erabiltzaileei aldez aurretik informazioa egizatatzea eta bidaien antolaketa egokitzea gomendatu diete udal eta garraio-enpresek.