Martxoaren 17ko Greba Orokorrerako deia egin dute Debaldea eskualdeko LABeko ordezkariek

Martxoaren 17ko Greba Orokorra lantzeko asmoz, LAB sindikatuak Debaldea eskualdeko ordezkarien batzarra egin du, “datozen asteetan lantokiz-lantoki grebaren lanketan sakontzeko unea izango baita”.
Martxoaren 17ko Greba Orokorrerako deia egin dute Debaldea eskualdeko LABeko ordezkariek
2026/01/22 13:27
Silbia Hernandez Arrazola

Euskal langileontzat gutxieneko soldata propioa lortzeko eta, oro har, soldatak hobetzeko aldarrikapenarekin lantokiak hustu eta kaleak betetzeko deia egin du sindikatu abertzaleak. Greba Orokorrerako deialdia zabaldu eta lantokiz lantoki grebarako arrazoiak langileekin partekatzeko, LABeko kideak buru-belarri lanean ari direla adierazi dute, grebarako arrazoiak ez direla falta azpimarratuta: “Bizitza garestitu da, baina soldatak ez dira neurri berean igo. Ondorioz, langileok erosahalmena galdu dugu. Soldatek 2008ko pisua berreskuratuko balute, 1.523 milioi euro gehiago jasoko genituzke. Kantitate horren herena nahikoa litzateke gutxieneko soldata bermatzeko. 
Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata behar dugu. Gaur egungo soldatek ez dute oinarrizko gastuei aurre egiteko aukera ematen. Horregatik, Greba Orokorrera goaz”.
Sindikatuko ordezkariek azaldu dutenez, patronalak uko egin dio gutxieneko soldata negoziatzeari: “CENek eta Confebaskek uko egin diote lanbidearteko akordioa adosteko mahai bat eratzeari. Era berean, Herri Ekimen Legegilearen (HEL) bideari bizkarra eman dio EAJ-PSEren Jaurlaritzak, PP eta VOX bidelagun hartuta, baztertu egin du 138.495 herritarrek babestutako HELa. Aurretik pentsiodunen HELarekin gauza bera egin zuten”. 
Sindikatutik salatu dutenez, langileon soldatak etenbarik erasotzen ari dira, eremu pribatuan zein publikoan, eta orain, absentismoaren aitzakiarekin, murrizketa berriak inposatzera datozela ohartarazi dute.
Gauzak horrela, Debaldeako eskualdeko langile guztiei euskal gehiengo sindikalak martxoaren 17rako deitu duen Greba Orokorrarekin bat egiteko deia egin du LABek, “Greba Orokorrarekin langileon indarra erakutsiko dugu eta”. Sindikatuko ordezkariek mobilizatzeko hamaika arrazoi daudela uste dute, baina hauek lirateke garrantzitsuenak: 

  • 1.500 euroko gutxieneko soldata lortzeko.
  • Arrakala matxista eta arrazistak murrizteko.
  • Soldata guztiak gorantz bultzatzeko.
  • Enpresaz enpresa eta sektorez sektore soldatak hobetzeko.
  • Gutxieneko pentsioa eta prestazioak igotzeko.
  • Sortzen dugun aberastasuna justuago banatzeko.
  • Soldatak hemen erabakitzeko, eremu pribatuan zein publikoan.
  • Eusko Jaurlaritzak gutxieneko soldataren eskumenak eskuratzeko. Burujabetza handiagoa behar dugu lan eta bizi baldintzak hobetzeko.