Osakidetzako langileek elkarretaratzeak egin dituzte Mendaron eta Eibarren lan-baldintzak hobetzea eskatzeko
Osakidetzako langileen lan-baldintzak hobetzeko elkarretaratzeak egin zituzten atzo Mendaroko Ospitalean eta EAEko gainerako ospitaleetan. LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek deitu zituzten mobilizazioak, langileen aldarrikapenei erantzungo dieten neurriak eskatzeko.
Sindikatuek salatu dutenez, 17 urte igaro dira lan-baldintzak arautzen dituen akordioa berritu gabe. Osakidetzak negoziaziorako aurkeztutako akordio berriaren lehen zirriborroak, gainera, ez du soldata-hobekuntzarik jasotzen. Horregatik, benetako proposamenak aurkezteko eta langileen eskaerei erantzuteko eskatu diote Osasun Sailari.
Besteak beste, ordainsariak hobetzea, lanaldia murriztea eta antolatzea, baimenetan aurrerapausoak ematea, enpleguaren egonkortasuna bermatzea eta plantillak indartzea aldarrikatu dituzte. Lan-kargak murriztea, lan-osasuna eta kontziliazioa hobetzea, berdintasunean aurrera egitea eta euskaraz lan egiteko bermeak eskaintzea ere eskatu dute.
ESK-ren mobilizazioak
ESK sindikatuak, bestalde, gaur egin ditu bere mobilizazioak Mendaroko eta Eibarko ospitaleetan, beste bost sindikatuek deitutako elkarretaratzeetan parte hartu gabe. Mendaroko Ospitaleko sarreran 11:00etan egin du protesta, eta Eibarko Ospitalekoan, 13:00etan.
ESK-k Osasun Sailari eskatu dio lan-harremanen esparrua lehenbailehen eguneratzeko eta langileen benetako beharrei erantzungo dien hitzarmen kolektibo berria negoziatzeko. Sindikatuak azaldu duenez, ez dute kontuan hartu beste sindikatuek abiatutako mobilizazio-zikloan, eta horregatik antolatu ditu bere deialdiak.
LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuek, bestalde, urriaren 19rako aurreikusitako Mahai Sektorialeko bileran jarri dute arreta. Osakidetzari gatazka bideratzeko benetako borondatea erakusteko eskatu diote, eta langileei urriaren 30eko greba-egunarekin eta mobilizazioekin bat egiteko deia egin diete.