Pentsioen dekretua onartuta ere, oraindik eskaera asko egiteke daudela azpimarratu dute pentsiodunek
Gipuzkoako Pentsiodunek gaurko kontzentrazioetan irakurtzeko egin duen idatziaren arabera, “joan den asteko asteartean publiko egin zen Pedro Sanchezen Gobernuak pentsioak handitzen dituen Lege Dekretua eta ezkutu soziala duen Lege Dekretua onartu zituela. Nolanahi ere, dekretu horiek Diputatuen Kongresuak baliozkotu behar ditu, astebeteko edo bi asteko epean, seguruenik. Itxura guztien arabera, aurrera aterako da, gutxienez, pentsioak handitzeari buruzko Lege Dekretua”.
Aurreko dekretuaren indargabetzeari gure aldetik zein estatuko beste herrietako pentsiodunen plataformek emandako “berehalako erantzuna” Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak ospatzen duela diote, “gure eskaerak lortzeko bermerik onena borroka dela erakusten duen beste adibide bat” dela gaineratuta.
Hala ere, beraien haserrea berretsi nahi dute, “UPN, PP, VOX eta JUNTS alderdiek pentsioen igoerari uko egin diotelako. Aitzakiek eta prozedurek ez digute balio. Pentsioen errebalorizazioa eta abenduko Errege Lege Dekretuan jasotako beste neurri batzuk indargabetzeak, alderdi batzuek beren interes partikularrak pertsonen bizi-baldintzak hobetzearen aurretik jartzen dituztela, ezkutatzen du. Immorala da oinarrizko eskubide hori zenbait alderdiren arteko eztabaidetan jaurtitzeko arma izatea. Aurten berriro gertatu dena ezin da berriro gertatu”.
Gauzak horrela, Gobernuaren erabakiarekin konformatzen ez direla nabarmendu dute, eta hainbat eskaera betetzea exijitzen dute pentsiodunek:
- Pentsioen errebalorizazio automatikoa, bizitzaren kostuaren benetako igoeraren arabera. Urte amaierako ordainsaritxoa berrezartzea, pentsioen eroste-ahalmenaren urteko galera konpentsatzeko.
- Gutxieneko pentsioen hobekuntza nabarmena, igoera gorabehera miserableak izaten jarraitzen baitute.
- Gutxieneko pentsioa LGS lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzea, genero-arrakalaren kronifikazioa eta adineko pertsonen diru-sarreren eskasia eragozteko.
Azpimarratu dutenez, “pentsioen sistema publikoa eta pentsio publiko duinak defendatzeko borroka ez da amaitzen pentsioen errebalorizazioarekin, eta datozen egunetan mobilizazio gehiago deitzeko erabakia plazaratuko dugu, lortutakoa ospatzeko eta pentsioen balioa handitzeko bermeak eskatzeko, eta ez gaitezen urtero egon alderdi politiko batzuen erabakien zain, beren interes alderdikoiak baino ez baitituzte defendatzen”.

