Sindikatuek azaroaren 11ko greba orokorra erregistratu dute
Azaroaren 11n greba orokorra egiteko deialdia erregistratu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatuen Sareak, Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta ELA, LAB, ESK, Steilas, Etxalde eta Hiru sindikatuek. Etxebizitza eskubidea bermatzea eta espekulazioari aurre egitea izango dira mobilizazioaren helburu nagusiak.
Deitzaileen esanetan, egungo egoera «jasanezina» da: langile klasea pobretzen ari da, eta, aldi berean, enpresarien eta espekulatzaileen irabaziak handitzen ari dira. Patronalari egotzi diote langileen prekarizazioa betikotzea eta Euskal Herriko errealitatera egokitutako gutxieneko soldata propioa ezartzeari uko egitea. Erakunde publikoei, berriz, errentatzaileen negozioa indartzen duten politikak sustatzea leporatu diete.
Horren aurrean, errentatzaileen aldeko politikak baztertzeko eta Lan Harremanen eta Gizarte Babesaren Euskal Esparruan aurrera egiteko eskatu dute sindikatuek.
Debabarrenean ere herriz herri asanbladak egingo dituzte datozen asteetan, grebaren helburuak eta aldarrikapenak lantzeko. …eta kitto!-n emango dugu bilera horien deialdien berri.