Txirrindularitzaren izar berria zuzenean ikusteko aukera izango dugu ostiralean
Txirrindularitzak azken urteetan eman duen izar handienak inoiz baino distira gehien ematen duen sasoi honetan, beste izar berri jaio da. Gaur egun ez dago Tadej Pocagarri itzala egingo dion txirrindularirik, baina 19 urte besterik ez dituen Paul Seixasek astindu egin du txirrindularitzaren mundua eta esloveniarraren etsai nagusia bihurtu daiteke laster.
Denboraldi hasierako lasterketetan maila bikaina erakutsi ondoren (Strade Bianchen Pogacarrekin nor baino nor aritu ondoren, 2. izan zen Isaac Del Toro mexikarraren aurretik), Itzulian erabateko nagusitasuna erakutsi du lehen etapetan. Bilboko erlojupekoan hegan ibili zen eta Aralarren gora erakustaldia egin zuen, beste faboritoei helmugan 1:25eko aldea ateraz. Horrela, bi etapatan 1:59ko aldea ateratzen dio Primoz Roglic bigarren sailkatuari.
Gauzak horrela, gaurkoan ere ezin da ezeztatu garaipenaren lehian ibiliko denik, azken kilometroan % 12-ko malda gainditu behar dutelako. Basaurin hasi eta amaituko da gaurkoa, eta bihar Galdakaon.
Ostiralean Eibarren
Itzulia ostiralean iritsiko da Eibarrera eta, Seixasek horrela jarraitzen badu, maillot horiaren lehia erabakita egon daiteke (dagoeneko erabakita ez baldin badago), baina hemen jokatuko den etapa ez da nolanahikoa izango eta egoera irauli daiteke.
Eibarren hasi (13:00etan) eta amaituko (17:17-17:43 inguruan) den etapak 176,2 km izango ditu eta txirrindulariek zortzi mendate igo beharko dituzte, tartean Krabelin eta Ixua. Krabelinera Orbeko bidetik igoko dira (15:34-15:49 inguruan hasiko dira igotzen) eta Ixuara ohiko bidetik (16:33-16:55 inguruan hasita). Helmugara iristeko, txirrindulariak Maltzagatik etorriko dira eta lasterketa Toribio Etxebarria kalean amaituko da (17:17-17:43 inguruan).
Aldaketak trafikoan
Lasterketa ostiralean igaroko den arren, aurreko egunetik, apirilaren 9tik, erdigunea itxita egongo da 17:00etatik aurrera. Ostiralean, txirrindulariak hiru aldiz pasako dira Eibartik eta trafikoan aldaketak egongo direla ohartarazi du Udaltzaingoak: “15:34ak aldera, txirrindulariak Azitaingo industrialdetik Arraterantz igoko dira. Bigarrenez, 16:30ak aldera, Bizkaitik Eibarrera iritsiko dira, eta, Otaola hiribidea, Barrenengua eta Amaña auzoa zeharkatu ondoren, Arratera abiatuko dira; hirugarren aldiz, Gipuzkoa aldetik Azitainera sartuko dira, eta Barrena, Urkizu pasealekua eta Errebal kaleak zeharkatu ondoren, Toribio Etxebarria kaleko helmugara helduko dira txirrindulariak 17:17ak aldera. 15:30etik aurrera, lasterketak trafikoari eragingo dio Bilborako noranzkoan”.