Udaberri Saria egingo da igandean txirrindularitza sasoiari hasiera emanez

Junior probaren 48. edizioa izango da, Eibarko Txirrndulari Elkartearen mendeurrenean
Udaberri Saria egingo da igandean txirrindularitza sasoiari hasiera emanez
2026/02/26 12:54
Ekhi Belar Errasti

Aurten ehun urte bete ditu Eibarko Txirrindulari Elkarteak eta urtean zehar antolatuko dituen ekintzak bereziak izango dira. Joan den asteburuan Eibarko Musika Bandarekin Udaberri Kontzertua eskaini ondoren, kirola izango da protagonista igande honetan, martxoak 1, txirrindularitza sasoiari hasiera emango baitzaio junior mailako 48. Udaberri Saria lasterketarekin.

Proba 9:45ean hasiko da Toribio Etxebarria kalean eta parte-hartzaileek 78 kilometroko ibilbidea egin beharko dute berriz ere Toribio Etxebarriara heltzeko. Hasieran, Soraluzera joko dute, Bergarara iritsi eta berriz itzultzeko. Maltzagan Elgoibarrera joango dira, eta handik Debara, Mutrikura eta Ondarroara kostaldetik. Eibarrera bidea hartuko dute handik eta, Markinatik pasa ondoren, San Migel igo beharko dute, Elgoibarrera jaitsi eta Eibarren amaitzeko (11:15 inguruan).