Urriaren 28an izango da Elgoibarko Institutuaren 50. urteurreneko ospakizuna

Parte hartu nahi izanez gero, ikastetxearekin lehenbailehen harremanetan jartzeko eskatu dute.
Urriaren 28an izango da Elgoibarko Institutuaren 50. urteurreneko ospakizuna
2026/10/13 12:09
Silbia Hernandez Arrazola

Elgoibarko Batxilergo Institutuan klaseak ematen hasi zirela 50 urte beteko dira aurtengo urrian eta, hori dela eta, Elgoibarko BHI ikastetxeak, bertan 50 urtetan izan diren zuzendari eta lankideen laguntzarekin, ospakizun berezi bat antolatu du urriaren 28rako (eguaztena).

Elgoibarko Herriko Antzokian izango da ospakizuna, 18:00etan, egitarau honekin: ongi etorria; bideo emanaldia; irakasle ohi baten hitzak; aipamenak; 50. urteurreneko abestia; eta Elgoibarko BHIko zuzendariaren hitzak. Antzokiko ekitaldiaren amaieran, 50. urteurrenaren laburbilduma jasotzen duen liburutxoa banatuko da. Ondoren, Maalako aterpean zizka-mizkak eta edariak egongo dira.

Elgoibarko BHI ikastetxetik adierazi dutenez, “badakigu Debabarrenean asko eta asko izan direla Institutuan ikasi edo harremana izan duten ikasle, irakasle eta gurasoak. Guztiei gonbidapena luzatzea zaila eta ezinezkoa ere bada”. Hori dela eta, parte hartu nahi duenak aukera izan dezan, ikastetxearekin lehenbailehen harremanetan jartzeko eskatu dute, 943 899 316 telefono zenbakira deituta, edo idazkaria@elgoibarbhi.eus helbidera mezua bidalita.